Behartsuenei janaria banatu die udalak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 9a, 16:00
Arg.: Lasarte-Oriako Udala

Lasarte-Oriako Udalak Gurutze Gorriko boluntario-talde batekin elkarlanean 2019ko lehenengo janari-banaketa egin du ekainean. Herriko 146 familia izan dira onuradun. Guztira, 380 pertsona.

Babarrunak, kontserbak, esnea, pasta… 8.928 kilo janari banatu dira. Kasu batzuetan, 3 urtez beherakoei zuzendutako jakiak izan dira: haurrentzako zerealak, esne-hautsa eta haurrentzako pototxoak. Elikagaiak pertsona behartsuenei laguntzeko dagoen Europar Funtsak eman dizkio udalari.

Banaketa egin baino lehen, gizarte langileek 146 familiak aztertu dituzte, programa honetako onuradun izateko beharrezkoa baita udaleko tasen eta prezio publikoen salbuespen eta hobarien zerrendan egotea eta aldeko txosten sozial bat izatea. Ekimenean izena emateko udaletxeko erregistro orokorrean eskaera-orri orokorra bete behar da.

Bestalde, udalak eskerrak eman nahi dizkie Gurutze Gorriko kideei Lasarte-Oriako pertsona behartsuenen alde egindako lanagatik. “Haien sostengurik gabe ezinezkoa izango baitzen lan hau egitea”.