Aldarrikapen pedalkadak

IƱigo Gonzalez Sarobe 2019ko uzt. 11a, 11:25

Orain Presoak bizikleta itzulia antolatu du Sare elkarteak aurten ere. Luhuson hasiko da, eta Gernikan amaitu; hiru etapa prestatu dituzte uztailaren 19tik 21era. Lasarte-Oriako Sarek bat egin du ekimenarekin: uztailaren 19an, ostirala, txirringa eta kaskoa hartu eta Errekaldera joateko deia egin dute. 16:45ean aterako dira Okendo plazatik.

Pedalei eragin bitartean, euskal presoen eskubideen urratzea salatuko du Sare elkarteak aurten ere. Orain Presoak bizikleta itzulia antolatu du uztailaren 19tik 21era, datorren asteko ostiraletik igandera. Luhusotik Gernikara joango da aurtengoa, hiru etapatan banatuta: Luhuso-Zarautz, Zarautz-Lekeitio eta Lekeitio-Gernika. "Gizarte zibilaren konpromisoaren eredu bilakatu da Luhuso; bizikidetzaren eta bakearen sinbolo da Gernika", azaldu dute antolatzaileek.

Ekimenarekin bat egin du Lasarte-Oriako Sarek. Uztailaren 19an, ostirala, Errekaldera joateko deia egin diete herritarrei, "martxa babestera". Hitzordua ere jarri dute: 16:45ean Okendo plazan. "Udan ez da ezer gelditzen, ez da ezer aldatzen: zerbait egin nahi dugu euskal presoen eskubideen alde". Zarautzen bukatuko da lehenengo etapa hori. Nahi izanez gero, haraino joan daitezke parte hartzen duten lasarteoriatarrak. Beste bi aukerak, hauek: Oriora joan eta gero trenez bueltatu, edo, bestela, Usurbileraino eta Zubietatik Lasarte-Oriara itzuli.

Orain Presoak itzuli osoa egin nahi duten pertsonek esteka honetan eman dezakete izena, 50 euroren truke. Etapa batean parte hartu nahi dutenek, berriz, 20 euro ordaindu beharko dituzte. Uztailaren 16an itxiko dute izen-ematea, asteartea. Antolatzaileek nabarmendu dute itzuliak iraun bitartean kobratuko dietela.

Astebete eta hamahiru itzuli

Bizikleta itzulia iragartzearekin batera, euskal presoen egoerari buruzko hainbat datu eman ditu Sarek. Esate baterako, 254 preso daudela, eta bostetik lau jaioterritik 400 kilometro baino gehiagotara espetxeratuta. Estatu espainiar eta frantsesean daude gehienak. 

Senideek ere pairatzen dute dispertsio politika, Sareren arabera: "Aste bakar batean, 110.112,03 euro gastatzen dituzte senideek, eta hamahiru itzuli eman munduari, bidaia guztiak kontatuta".