Buruntzazpi taldeko Carbayeda eta Etxeberria, azkarrenak erlojupekoan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 9a, 11:21
Euskadiko lau txirrindulariak, pasa den ostiraleko erlojupekoari ekin aurretik. Argazkia: Buruntzazpi.

Kadeteen Espainiako txapelketa jokatu dute Buruntzazpiko txirrindulari Beñat Carbayeda eta Haimar Etxeberriak asteburuan, Chesten (Valentzia). Erlojupeko proban urrezko domina kolkoratu dute, Haimar Erostarbe eta Haimar Galdosekin laukotea eginez. Igandeko bakarkako lasterketan ere ederki aritu dira.

Buruntzazpi taldeko txirrindulari Beñat Carbayeda eta Haimar Etxeberriak sekulako maila erakutsi dute Kadeteen Espainiako txapelketan, asteburuan. Chesten (Valentzia) bi proba jokatu dituzte Euskadiko selekzioarekin. Balantzea ezin hobea izan da: ostiraleko erlojupeko proban urrezko domina kolkoratu zuten, Haimar Erostarbe eta Haimar Galdosekin laukotea eginez. Zortzi kilometroko ibilbidea osatu zuten. Gaztela Leongo txirrindulariak sailkatu ziren bigarren, hiru segundora; podiuma Kataluniak osatu zuen, irabazleengandik lau segundora helmugaratuta.

Igandean bakarkako lasterketan aritu ziren. 54 kilometro zituen ibilbideak. Carbayeda ihesaldian sartu zen beste lau txirrindularirekin. Bazirudien bost horietako batek altxako zituela besoak helmugan, baina tropelak kilometro baten faltan zapuztu zituen ihes egindakoen itxaropenak. Dena den, Carbayedaren taldekide Etxeberria indartsu iritsi zen bukaerako esprintera, eta zortzigarren postuan sailkatu zen. Ruben Sanchez madrildarrak irabazi zuen proba hori.