Bueltan da Kultur Kale Zikloa. Jada ohiko bilakatu den musika jaialdiak sei kontzertu eramango ditu atari zabaleko beste hainbeste txokotara. Jesus Zaballos alkateak, Txus Alonso Gazteria saileko buruak eta antolaketaren ardura izan duen XpressionK ekimeneko kide Jokin Telleriak ezagutarazi dute egitaraua. Hain zuzen ere, kontzertuetako batek kokagunea izango den Andapa kalean.
Askotariko estiloak, hainbat hizkuntza, beste herrialde batzuetako musikariak... aniztasuna izan dute kontuan talde zerrenda osatzean. Uztailean eta irailean egingo dituzte kontzertuak, Telleriak zehaztu bezala, konturatu baitira abuztua ez dela hilabete aproposena: "Jabetzen joan gara jende asko kanpoan dagoela". Ia denak larunbatean egingo dituzte, Oriakoa izan ezik. Basaundiko festen amaierarekin bat eginda eta San Ignazio eguna jaia dela baliatuta, asteazkenean egingo dute hilabeteko azken kontzertua. Gainera, beste guztiak baino ordu erdi lehenago hasiko da, 19:30ean.
Astigarraga eta Donostiako kideek osatutako Apalatxe talde euskaldunak abiaraziko du zikloa. Folka eta punka akustikoan entzuteko aukera izango da Tximistarretan. Astebete geroago, Filipe Court Duo bikote brasildarraren txanda izango da. Bossa-nova, funk eta doinu brasildarrez beteko dute Andapa kalea. Hilaren 31n, berriz, Adara y los nylon talde donostiar-pasaitarraren pop-rock
Etenaren bueltan, irailaren lehen larunbatean Mikel Karton kantautore donostiarrak euskaraz sortutako abestiak eskainiko ditu Zabaletan. Telleriaren ustez, "ondo enkajatzen du auzoarekin". Astebete geroago, beste donostiar baten txanda izango da Atsobakarren. Sara Mansillak soul eta funk estiloak lantzen ditu eta Kutxa Kultur-i esker emanaldi ugari egin ditu azken urtean. Azken kontzertua Okendon egingo dute. Alitruta taldeak emango du estilo ugariko musikaz beteta.
Telleriak ohartarazi du eguraldi iragarpena txarra bada, hiruzpalau egun lehenago data aldatuko dutela, baina ez dituztela kontzertuak bertan behera utziko. "Espero dezagun urrira edo azarora ez luzatzea!".
- Uztailak 13. Apalatxe. Tximistarreta parkea, 20:00 .
- Uztailak 20. Filipe Court duo. Andapa kalea, 20:00.
- Uztailak 31. Adara y los nylon. Basaundi bailara (Oria auzoa), 19:30.
- Irailak 7. Mikel Karton. Zabaleta auzoa, 20:00.
- Irailak 14. Sara Mansilla. Atsobakar auzoa, 20:00.
- Irailak 21. Alitruta. Okendo plaza, 20:00.
Urteotan Kultur Kale Zikloa "ondo funtzionatzen" ari dela uste dute arduradunek, Alonsoren iritziz, "uda garaian auzoei bizia emateko modu polita da". Egitasmoak 5.000€ aurrekontua du, BEZa barne. Zinegotziak herritarrak animatu ditu kontzertuetara joatera, "formatu txikiko kontzertuak badira ere, kalitate altua baitute, eta arratsaldea pasatzeko beste modu bat da".