Irrintziak, taloak, pilota, bertsoak...eta festa!

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 4a, 13:50

Primeran pasa dute Udako Txokoetako haur eta begiraleek gaur goizean. Euskal Jaia ospatu dute Zabaleta auzoan: irrintziak, taloak, pilota, bertsoak...eta ikaragarrizko festa! 

Sanpedroak bukatu dira, baina festa giroa ez. Galde diezaietela Udako Txokoetako haur eta begiraleei: Euskal Jaia ospatu dute Zabaleta auzoan, goizean zehar. Ospakizun horretan tradizionalak diren lau alor landu dituzte: irrintziak, taloak, pilota eta bertsolaritza. Lau taldetan banatu, eta postu guztietatik pasa dira neska-mutilak.

Xumelako kide Miren Zumeta eta Rosa Elizondo arduratu dira gaztetxoei irrintzi egiten irakasteaz. Horrelako adibideak jartzen zizkien Elizondok: "Pentsatu min hartu duela pertsona batek, eta horrela kexatzen dela: ai, ai, ai...!". Pixka bat kosta zaie haurrei hastea, apur bat lotsatuta zeudelako, baina batek proba egin ostean animatu dira gainontzeko guztiak. Zer esanik ez kazetaria beraiengana joan denean: irrintzi bat bota dute, Txintxarri aldizkariarentzat esklusiban!

Talo goxo-goxoak ere egin dituzte, txokolate eta guzti. Zabaleta Auzolan elkarteko kideek lagundu diete arto irin bolak zapaltzen eta plantxan prestatzen. Hamaiketako ederra egin dute gaztetxoek, beraiek egindako taloak dastatuz. Ez dute apurrik utzi.

Euskal Herriko kirolik ezagunenetakoa da pilota. Zabaletako pilotaleku berrira joan, eta Miriam Arrillaga pilotariarekin aritu dira txokoetan jokatzen. Harrituta geratu da Arrillaga gaztetxoen trebeziarekin.

Bertsogintzan ere aritu dira. Hartu dituzte arkatzak, hartu dituzte folio txuriak, eta askatu dute irudimena: begiraleen laguntzarekin kopla ederrak sortu dituzte. Datorren asteko asteartean, hilak 9, San Fermin ospatuko dute, Okendon. Segi dezala festak!