Zaragozana piroteknia etxearen su artifizialak bezalakoak izan dira aurtengo sanpedroak: ziztu bizian iritsi, eztanda egin, eta, ohartzerako, desagertu, bukatu. Festa koloretsuak izan dira, biziak, ozenak eta distiratsuak. Errutinara buelta bihartik aurrera. Blusak garbitu eta armairuan gordetzeko momentua da orain, datorren urteko jaietara arte. Atseden hartzeko unea ere bada, parrandetatik errekuperatzekoa. Mugikorrarekin ateratako argazki eta selfie mordoa ikusi bitartean nostalgiko jartzekoa.
Afaldu eta gero, Atsobakarreko parkera igo dira herritarrak. Zaragozana piroteknia etxea arduratu da zeru iluna koloreztatzeaz: ordu laurden inguruko emanaldia prestatu du, kolore eta forma guztietako suziriekin, bukaerako traka eta guzti. Ikus-entzuleen harridura oihuak nahastu dira etxafuegoen eztandekin.
Tribus Ocultas taldeak dantzan jarri du Jaizkibel plaza. 80. eta 90. hamarkadako espainiar taldeen abestiak eskaini dituzte, eta gustura entzun dituzte herritarrek. Adineko pertsona batzuk haserretu egin dira ordea, musika talde horrek ez daukalako pasodoblerik errepertorioan. Dena dela, ikusi dute kontzertua, plazako bankuetako batean eserita. Bien bitartean, gaztetxoek DJ Nemuxen erritmora egin dute dantza Isla Plazan.
Zezensuzkoak azkenekoz atera dira Kale Nagusira. Euriak ez ditu itzali egurrezko animalia horien txinpartak, eta herritarrek lasterka egiteko gogoak ere ez.
Sorgin Jaiek gauerdia baino pixka bat lehenxeago itxi dituzte txoznak, datorren urtera arte. Hori baino lehen, aurtengo festek utzitako momentu onenekin egindako bideo bat ikusi dute. Desmuntatze lanetan hasiko dira bihar goizean, bederatzietatik aurrera.