Azken orduei zukua atera nahian

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 1a, 20:30

Aurtengo sanpedroen hondarrean, giroa apur bat baretu da.  Agurrerako prestatzeko, aurreko egunetan baino ekimen zerrenda laburragoa egin dute arratsaldean. 

Asteko lehen eguna delako edo jaien azkena, giroa lasaian hasi da arratsaldea Lasarte-Orian. Orduek aurrera egin ahala, ordea, giroa pizten joan da azken trakaren bidean. 

Bazkaloste asko bezala, karta jokoan aritu dira Sorgin Jaietan. Gaurkoan, musean. 27 bikote. Gaztetxo nahiz adineko lehian aritu dira. Partida bakoitzaren garaileak zutabeetako batean zintzilik zegoen taulan bilatu du hurrengo aurkaria. Jokoz joko, esku onen zortea, disimulua eta eskarmentua batuta, irabazleak Unai Rebe eta Mikel Begiristain izan dira. Luze jo du txapelketak, 19etan, hasieratik hiru ordutara, oraindik ere hirugarren eta laugarren postua erabakitzen ari baitziren.  

Plazan, haurren interesa zirkuak piztu du. Beroketekin ari zirenetik Circ about it taldeak ikusleak erakarri ditu. Lurrean esertzen joan dira ikuskizuna noiz hasiko zain. Jai egitarauan Todo encaja ikuskizuna aurreikusita bazegoen ere, ezbehar baten ondorioz, Leoiko hirukoteak hartu du haren tokia. Egindako salto, txilipurdi, esku joko eta ariketekin txunditu ditu haur, gaztetxo zein helduak. Barre, harridura hasperen eta txaloek argi utzi dute. Isla plazan ere zirkuak izan du bere tartea. Caroli el hombre rueda-ren ikuskizuna. Monozikloan ibili da modu askotara, baita meditazio ariketak egiten saiatu ere. Publikoak jaramon nahikoa egiten ez ziolako, ur pistola atera eta busti ditu. Eta orduan bai,denen arreta bereganatu du, aldi berean eskatutakoa egitea lortuta. 

Mugimendua nahiago duten haurrek erraldoi eta buruhandiei jarraitu diete. Blas de Lezo kaletik irten dira lasarteoriatar altuenak buruhandiak ezkutari zituztela. Garrasika eta korrika igo dute Andatza parkera aldapa. Bertako jolasetan zebiltzan haurrak aztoratu dituzte, batetik bestera ibili diren pertsonaiak. Maskuriarekin beldurgarriena txikiena izan da, parean jarri zaion guztia kolpatu du. Parkeko txoko guztiak bilakatu dira ezkutaleku, nahiz eta harrapa zitzazen gogoz zeuden gaztetxoak. Kosta egin zaie buruhandiei deika zituztenen lasterkaldi biziei jarraitzean. Bien bitartean, erraldoiak Gaurdi txarangaren doinu alaiak dantzatzen aritu dira kioskoan. 

Hain justu ere musika izan da Antonio Mercero plazako protagonista. Arratsaldea bera bezala, saioa erritmoa hartzen joan da minutuek aurrera egin duten heinean. Arazo teknikoekin eta ordua baino beranduago hasi da Sorgin Jaiak antolatutako jam sessiona. Antonio Mercero plazan egin behar izan dute, aretoan beharrean. Kuaderno bustia edo Skakeo taldea aritu dira kantuan. 

Ordu gutxi gelditzen dira sanpedroei hurrengo urtera arte esan aurretik. Jai giroari eutsi nahi diotenek oraindik ere The Mackensy's clan band-en gaita eta danbor soinuak jarrai ditzakete. Eskoziar jantziak soinean badituzte ere, ez dute ingelesez tutik ulertzen. Umore ikuskizun berezia. 

 

 

Erlazionatuak

Jaien azken arratsaldea (1. zatia)

Txintxarri Aldizkaria 2019 uzt 01 Gizartea

Jaien azken arratsaldea (2. zatia)

Txintxarri Aldizkaria 2019 uzt 01 Gizartea