Gauerdi txarangak esnatu du Lasarte-Oria sanpedroen azken egunean. Txarangaren erritmoz beteriko doinuek lotan zeudenei kalera ateratzeko gonbita egin eta lanean, erosketak egiten edo ilobak zaintzen dauden herritarrei azken egunerako indarrak eman diete.
Gurpildun aulkiekin pala erakustaldia izan da Loidibarren pilotalekuan. Mindara elkarteko kideek bi baten aurka jokatu dute lehen partida eta ostean, binakako norgehiagoka izan da. Pilotariek haien trebetasuna erakutsi dute.
Haurrek Andatza plazako jolas parkean hasi dute eguna.
Xirimiriari aurre eginez, Biyak Bat elkarteko lerroko dantzetako kideek emanalditxoa eskaini dute Okendo plazan. Saltsa, pasodoblea, tangoa... doinu guztietako dantzak izan dira. Elkarteko kideek gorputzean erritmo ederra dutela erakutsi diete plazara hurbildu diren herritar guztiei.