"Igande iragande, ez daukazu planik...". Hori dio Berri Txarrak taldearen Espero zaitzaket abestiak. Justu kontrakoa gertatu da gaur, sanpedroen azken aurreko eguneko arratsaldean. Hamaika plan eta ekintzaren artean aukeratu behar izan dute herritarrek.
Sorgin Jaiek eskoba txapelketa antolatu dute. Hiruna karta eskuetan, lau mahai gainean, eta helburu bat: hamabost puntu egitea. Ajea kentzeko modu on bat izerdia botatzea izaten da: kirola eginez aurreko eguneko kalimotxo eta garagardoak gorputzetik kentzea. Frontenisean aritu dira, Loidibarren pilotalekuan. Kirol sinplea da berez: erraketa, pilota eta koordinazio apur bat. Beste buelta bat eman diote diziplina horri: bikoteek elkarri lotuta jo behar izan dute pilota. Tanto batzuk egin dituzte, baina, batez ere, barre egin dute.
Lozet elkartearen erraldoi eta buruhandiek hartu dituzte kaleak arratsaldeko seietan. Gautxori txarangak markatu die zer erritmo eraman. Erdigunetik Zumaburuko Andapa plazara joan da espedizioa. Enparantza bete-beteta zegoen ordurako. Mikel Bermejo -lasarteoriatarra da- eta Jose Campoy komedianteek barrez leherrarazi dituzte ikus-entzuleak. Ekitaldia kubritzera joan diren kazetariek entzun dute eurei buruzko bromaren bat edo beste: ez dadila umorerik falta herritarren artean. Arratsaldeko ekitaldi sorta ixteko, txalaparta saioa eskaini dute Ugarte anaiek Sagardotegi plazan.
Laster hasiko da aurtengo jaietako azkeneko parranda. Sorgin Jaien gau handia da gaurkoa: Optika eta Liher taldeek joko dute Okendon, eta DJ Ixterrek berandu arte luzatuko du festa.