Ekimen zaparrada

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 30a, 14:17

San Pedro Eguna joan da, baina oraindik jai asko dago egiteko. Gaur goizean herriko hainbat txokotan izan dira jarduerak. Kirola, gastronomia eta musika protagonista nagusi. 

Lainotuta badago ere, orain artean, euriak errespetatu ditu sanpedroak. Zaparrada bakarra, igande goiza bete duten ekimenena izan da. Festa luzatzen ari ziren gaupasero txarangek bat egin dute txistularien dianarekin, lo egin nahi zuen bat baino gehiago gogaituta. Doinu haiek gabe prest zeudenak bakailao-lehiaketako partaideak ziren. 10:00etan piztu dituzte suak eta osagaiak atontzen joan dira mahai luzean. Ezkutuko osagaia baino, halakoetan, eskua behar izaten da plater goxoena prestatzeko. Aurten hori egin dutenak Xirimiri elkarteko Iker Polaina eta Xose Bendin izan dira. Hemeretzi partaideen artean eurak izan dira epaileen ustez pil-pil, testura, zapore eta aurkezpen onena egin dutena. Bigarrenak , berriz, Buruntzazpiko Marian eta Viktor izan dira. Eurek irabazi izan balute, pala itxurako oroigarria elkarteak jabetzan jasoko luke, bosgarrena izango baitzen.

Nahikoa lan izan dute sukaldariek arreta zartaginetan mantentzeko. Izan ere, Okendo plaza jarduera askoren lekuko izan baita. Haur danborradarako prest ziren haurrak, 11:00k noiz izango zain. Makila eskuan, astintzeko gogoz. Hasi aurretik, ordea, omenaldien txanda izan da. Batetik, Ilargi eta Arkupe tabernako ordezkariak. Kosta egin zaie oholtzara igotzea, su artean baitzebiltzan. Haien ondoren, 1968an danborradaren zuzendari izandako Pello Muguruzak jaso du oroigarria Felix Telleriaren eskutik. "Aitak egin bezala, danborrada irakatsi du herri askotan, bere sustraiak ahaztu gabe". Azkenik, danborradaren harrobiaren txanda izan da. Banan banan deitu dituzte haur danborradan sorreratik jo duten kideak. Oroigarri gisa jaso duten domina lepoan talde argazkia egin dute. Eta ondoren bai, danbor burrunba hasi da. Okendon bospasei martxa jo dituzte, udal ordezkariak balkoitik eta lasarteoriatar ugari plazan begira zituztela. Donostiako Martxa amaituta, herrian barrenako ibilbidea hasi dute, eta hor ere, ez dira bakarrik egon: jendetzak lagundu ditu ibilbide osoan. 

Kirolean ere haurrak protagonista

Danbor doinuak hasi diren ordu berean, Loidibarrengo frontoian ere haurrak ziren protagonista. Intza Kirol Elkarteak antolatuta, txikienek jolas gisa hainbat partida mixto jokatu dituzte, eta ondoren, benjamin, alebin A eta B, eta infantilen finalak. Denetarik izan da, baina ahalegina eta gogoa jarri izana ezin zaie ukatu pilotari gazteei. Tanto politak eta biziak izan dira, eta txalo ugari jaso dituzte harmailak bete dituzten ikusleen aldetik. Amaieran, denek jaso dute parte hartzeagatik oroigarri bat eta maila bakoitzeko txapeldun nahiz txapeldun ordeek garaikur bana. Irabazleak honakoak izan dira: Benjaminetan Axular Miguelez eta Oier Elola; Alebinak B, Eneko Sanchez eta Unai Clemente; Alebinak A, Unax Lopetegi eta Hector Rojo; eta Infantiletan, Haritza Diaz de Guereñu eta Peru Urdanpilleta. Oier Tokerok jaso du Jose Solano saria. Edonola, irabazle eta partidako onena izatea baino ia ilusio handiagoa egin dio haurretako bati Axier Artegarekin egindako argazkiak. Bertan zeuden haur askoren nahia. 

Lerroko patinaje erakusketa ere izan da goizean. Eguerdian beroketa ariketekin hasi direnetik, jendea biltzen hasi da Okendon. Adin guztietako patinatzaileek euren trebetasuna erakutsi diete, ilaran nahiz zig-zagean. 

Andapa plazan hamaiketako girotua izan dute terrazak bete dituzten herritarrek. Izan ere, Voces Navarras taldeak jota alaiak kantatu baititu. Txaloekin eta kantuan jarraitu diete askok, ahots ona dutela eta hitzak ezagutzen dituztela erakutsita. 

Goiza  hasi bezala amaitzen ari da: sutan janaria prestatzen. Tximistarreta parkean herri bazkaria egiten ari dira. Inguruan ikatz erre usainak iragartzen du parrillak piztuta daudela. Haiek erabiltzera lagun gutxi animatu da, egindako lanak emaitza ona izango du usainaren parekoa bada. Beste batzuek, prestaketa lan gutxiago behar duten bazkariaren alde egin dute, etxetik eramanda edo erositako pizza, kasu. Bateran nahiz bestera, giro eta leku atseginaz gozatzen ari dira. Eta eguraldi goibelak euriak ekarriko balu, babesteko haima ere badute zenbaitek.

Erlazionatuak

Herri bazkaria Tximistarretan

Txintxarri Aldizkaria 2019 eka 30 Gizartea

Haur danborrada

Txintxarri Aldizkaria 2019 eka 30 Kultura

Kirola eta gastronomia

Txintxarri Aldizkaria 2019 eka 30 Kultura