Sorgin Jaien egitarauaren barnean egin den elkartasun bazkaria amaitzean, bostak aldera, herriko gazte ugari hurbildu dira Kale Nagusira Sorgin Olinpiadetan izerdia botatzera. Nahiz eta batzuk ajeari aurre egin ezinda errepide bazterrean eserita gelditu diren, asko izan dira erronkei aurre egitera ausartu direnak. Elkarri orkatiletatik lotuta korrika ibili dira, binaka platanoa ahoan zutela soka baten azpitik alde batetik bestera pasatzen, arropa kate luzeena zenek egin, trago-lokotxak... Gelditu gabe ibili dira gazteak, parte-hartzaile zein ikusleek barre-algaraka eman diote hasiera arratsaldeari.
Olinpiadak hasi diren ordu berdinean hasi dira haurrentzako bigantxak Isla Plazan. 18:00etan bi ekintza hasi dira, Jaizkibel plazan, urtero ospatzen den dantza lehiaketa izan da. Okendo plazan, berriz, Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, sardina-jana eta sagardo dastaketa. 19:00etan ere bi ekintzei eman zaie hasiera Manuel Lekuonan Canijo de Carmona eta Comparsa juvenil Los niños sin nombre Txirigotak izan dira. Aldi berean Jubilatuen Elkartetik Biyak Bat konpartsa abiatu da Lasarte-Oriako kaleetan barrena.
19:10ean Ttakunek antolatutako erromeriak girotu du Okendo plaza, hurbildu direnak dantza tradizioanalekin gorputza mugitzeko aukera izan dute.
Arratsaldeari giro paregabean amaiera emateko aukera izan dute herritarrek. 19:30ean Sorgin Jaien eskutik bertso poteoa hasi da Okendo plazatik eta herriko tabernetan geldialdiak eginez, mikrofonoaren arazoak gora-behera, kantuan aritu dira Maite Sarasola, Lierni Rekondo, Haizea Arana eta Oihana Arana bertsolariak. 20:00etan Bokabeats bikote gasteiztarrak ikuskizuna eskaini du Andapa kalean.