Gaupasa gaur, aspirinak bihar. Baina beno, biharkoak, bihar. Edo gerokoak gero, hobe esanda. Gaur, orain, dibertitzeko momentua da. Parrandarik luzeena izaten ari da gaupasa egunekoa. Kontzertuak, zezensuzkoa, batukada, Deabru Beltzak, bertsoak...eta hainbat kalimotxo ere bai Sorgin Jaien txoznetan.
Onintze bilbotarra izan da Okendo plazako oholtzara igotzen lehena. Punto de partida diskoko -bere lehenengo bakarkako lana da- abestiak jo ditu. Gaueko hamarretan ekin dio musikariak kontzertuari. Ordu erdi beranduago hasi dira koplaka bertsolariak, Manuel Lekuona kultur etxean. Unai Muñoa, Ane Labaka, Miren Amuriza, Axier Azpiroz, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio aritu dira. Maddi Labakak jarri dizkie gaiak. Bertsoak kultur etxean, eta dantza saioa Isla Plazan: Puro Relajo taldearen doinuekin gustura ibili dira herritarrak.
Dinbi Banda batukada taldearen emanaldi indartsuak pilak kargatu dizkie herritarrei, eta parrandarako are gogo gehiago sorrarazi. Okendo plazan hasi dira, eta erdigunean zehar ibili dira gero, geratu gabe. Korrika bizian ibili dira zezensuzkoak ere, Kale Nagusian. Etxeko txikienek -eta euren gurasoek- izerdi ederrak bota dituzte.
Deabru Beltzak eta kontzertuak
Ivan Sevillano Huecco musikariaren kontzertuak erakarri du jende gehien. Artista ezaguna da estatu mailan, eta nabaritu da. Kanta berriak eta klasikoak - Mirando al cielo eta Dame vida, besteak beste- eskaini ditu Okendo plazan. Herritarrak ordurako festa giroan erabat murgilduta bazeuden ere, La Regaderaren emanaldiarekin egin du eztanda jaiak. Ska, reggae, rock eta beste musika estilo batzuk fusionatuta, zuzeneko emanaldi ikaragarria egin dute.
Gaueko ikuskizunik txundigarriena, dena den, goizeko lauetan hasi dena izan da. Deabru Beltzak kale antzerki taldeak herria zeharkatu du, ikus-entzuleak zur eta lur utziz. Danborrak eta sua nahasten dituzte euren ikuskizunean.
Eguzkia ateratzearekin batera, gosaltzeko gogoa daukatenek aukera ederra dute Elizatze plazan: txokolatada antolatu du Udalak. Gau Txori txarangak girotuko du ekitaldia. 07:00etan xexenak aterako dituzte Sasoeta ikastetxeko plazara.