Goibel esnatu da eguna, baina kalean zeuden gaupaseroei bost. Batzuei Ttirriki Ttarraka trikitilari taldearen dianak dantzan jarraitzeko aukera eman die. Beste batzuk etxerako bidea hartu dute. Hasi da San Pedro eguna, jardueraz betetako eguna.
Kirol zaleek bi hitzordu izan dituzte gaur goizean. Loidibarren pilotalekuan senior mailako pilota partidak izan dira. Lehen partidan Intzako pilotariak egon dira nor baino nor. Urkia eta Elolak Artetxe eta Iruretagoiena izan dituzte aurrez aurre. Bigarren partidan aldiz, profesionalak izan dira lehian: Alberdi eta Urruzola Zubiria eta Telletxearen aurka.
Eguerdi aldera, berriz, herri kirolak. Aizkora lanak, harri lanak, lokotxak jasotzea... hainbat proba egin dituzte herritarren gozamenerako. Eta haur eta gaztetxoek Andatza plazako puzgarri eta jokoekin gozatu dute.
Musikak eta dantzak ere izan dute bere tartea. Euskal eta extremadurar doinuez gozatu ahal izan da, Gasteizko Extremadura etxeko kantu eta dantza taldeak eta kantu-dantza jirak bat egin baitute Okendo plazan. Senidetze ekitaldi xumea izan da bertan. Xumela koruko kideek Txoriak txori abestia eskaini diete eta bueltan, Virgen de Guadalupe de la Encina elkarteko kideek Tomatera, pimentera doinua abestu dute. Ekimena amaitzean, kantu-dantza jirako kideak herriko kaleak alaitzera abiatu dira.
Oholtzan Extremadurako kantu eta dantzak zeuden bitartean, Lasarte-Oriako Virgen de Guadalupe elkarteak prestatutako miga goxoak dastatu ahal izan dira.
Omenaldia
Manuel Lekuona kultur etxean, berriz, Aterpea Merkatarien eta Ostalarien elkarteak herriaren esker ona jaso du 26 urte hauetan egindako lanarengatik.
Erraldoien dantzak eman dio hasiera ekitaldiari eta Ramon Ormazabal lehendakariak Agurra dantzatu die bertaratutako herritarrei eskertza moduan. Jesus Zaballos alkateak Aterpearen lana eskertu eta goraipatu ostean, Elkarteak 25 urte hauetan egin duen lanaren laburpentxo bat ikusi ahal izan da. Aterpeako beste ordezkari batzuk oholtzara igo eta Ormazabalek Zaballosek eskutik jaso du omenduaren oroigarria. Ormazabalek eskertza hitzak izan ditu herritar, merkatari eta ostalari guztientzat. Honez gain, elkarteko lehendakari izandako guztiak oholtzara igotzea eskatu du eta gure artean ez daudenak ere gogoan izan ditu. Amaitzeko udal korporazioko kideak oholtzara igo eta Zero Sette akordeoi orkestra lagun, Lasarte-Oriako ereserkia abestu dute.
Elkartasuna
Bestalde, Sorgin jai gunean elkartasun eguna da. Lasarte-Oriatik urrun dauden preso politikoak presente dituzte eta horregatik, mobilizazioa eta elkartasun bazkaria antolatu dituzte.
'Korapiloak askatzeko garaia' manifestazioak herriko kaleak igaro ditu. Sare Herritarrak antolatutako mobilizazioak salbuespen politika eta neurriak, urteetako sufrimendua eta giza eskubideen urraketarekin amaitzeko garaia dela aldarrikatu du.
Orain, elkartasun bazkaria izango da Okendo plazan.