Txupinaz txupina doa aurrera San Pedro bezpera. Aterpea izan da protagonista nagusia: merkatari eta ostalari elkarte hori omentzea erabaki du Lasarte-Oriako Udalak, herriko komertzioaren alde egiten ari den lanagatik. Mende laurden baino gehiago daramate herria bizi mantentzen. Ramon Ormazabal lehendakaria buru, helduek bota dute arratsaldeko suziria, udaletxe berriko balkoitik. Lepo zegoen plaza. Haiei guztiei zuzendu zaie Ormazabal: "Aterpeako kide izan edo ez, ostalari, merkatari eta zerbitzu guztientzat da aitortza hau".
Koloretako globoak Okendora irten aurretik, Sorgin Dantzako kideek hartu dute plaza. Oria auzotik atera, Kale Nagusi osoa zeharkatu eta festen erdigunera iritsi dira. Omenaldi sorpresa jaso du han Felix Telleriak: 1982. urtetik, Sorgin Jaia -ez nahastu gaur egungo Sorgin Jaiekin, herriko festa alternatiboekin- sortu zenetik, belaunaldi desberdinei erakutsi dizkie dantza tradizional horren ezaugarri eta xehetasunak. Merezitako aitortza jaso du plazan, hunkituta. Lehenik, oholtzatik. Handik esker hitzak bota dizkio Joxe Mari Agirretxek. Xumelako kideek omenaldi xumea egin diote, "bihotzetik" eta "maitasunari maitasunez erantzunez"; espresuki sortutako habanera kantatuta. "Felix, maite zaitugu" oihuaren ondotik, txaloak eta opariak. Haur talde batek oroigarri gisa plaka bat eman dio, eta plazako dantzari guztiek Aurreskua dantzatu diote. Gero, jarri dizkioten txapela gorria eta banda soinean, bandera helduta dantzan egin du. Baita zuzenketa oihuak bota ere, pausoak fin egin zitzaten dantzariek.
Arratsaldekoa ez da azken omenaldia izango: gaur gauean gidatuko du azkenekoz beteranoen danborrada. Lasarteko Martxa zuzendu, eta bere ondorengo Xabier Mitxelenari pasako dio makila. 70 urterekin, erritmoa jaistea erabaki du Telleriak. Saltsa guztietan egon da sartuta herritarra.
Sorgin dantzak iraun artean, beste zereginik ere izan da Lasarte-Orian. Gaztelekuan, esaterako, barre egin dute Intza Alkain eta Bea Egizabalen burutazioekin. Jaiak hasi besterik egin ez badira ere, blusa garbitzeak berandututa ekin diote Ene bada badu gazte eta helduentzako ipuin kontaketari. Abilezia ugariren jabe direla erakutsi dute: magia trikimailu berezietarako edo gizarte kritika ironikorako. Baina, bereziki, soberan dutena umorea da.
Talde ezagun batek jarraitu du festarekin: Artistas del Gremio fanfarriak. Bizpahiru urtez etorri, herritarrak liluratu, eta ezin izan zuten iazko sanpedroetan egon. Aurten bueltatu dira, eta nola bueltatu ere: hankaz gora jarri dituzte kaleak. Beroketa ariketak eginda, lasarteoriatarrak prest daude bigarren parranda gauerako.