Zikiroa eta musika protagonista

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 29a, 04:00

Felix Telleria eta Xabier Mitxelena

Sorgin Jaiak atzo hasi baziren ere San Pedro bezperan hasi dira ofizialki Lasarte-Oriako jaiak. Lehenengo gau honi Ttakun Kultur Elkarteak antolaturiko Zikiro afariak eman dio hasiera. Ondoren, danborraden txanda izan da. San Pedro bezperari amaiera emateko Okendo plazan Hesian eta McOnaken kontzertuak izan dira, Jaizkibel plazan, berriz, Duo Imperial. 

Lasarteoriatarrek afari eder batekin eman diote hasiera Sanpedroei. Ttakun Kultur Elkartearen eskutik, urtero lez, Antonio Merceroko arkupeetan arratsalde osoan txingarretan sukaldatutako zikiroa dastatzeko aukera izan dute 200 lagun inguruk. Afariaren ostean, beteranoen danborradak eta Pintura Pote System danborradak  hartu dituzte kaleak. 

Aurtengo beteranoen danborrada berezia izan da. 50 urte eta gero, Felix Telleriak, azkenekoz zuzendu du danborrada. Lasarteko martxa jo eta gero Xabier Mitxelenari eman dio aginte makila. Urte luzeetako ibilbideari amaiera eman dio horrela Telleriak. Sorgin Jaiek ere izan dute perkusioarentzako tartea, Xirimiritik hasita danborradaren kontzeptua berrasmatu dute, txaranga bozgorailu batengatik ordezkatuz eta danborrak pintura potoengatik aldatuz.  

Gauari amaiera emateko, Jaizkibel eta Okendo plazetan kontzertuak izan dira. Jaizkibel plazan, Duo Imperial bikoteak, doinu latinoen laguntzaz, dantzan jarri du plaza osoa. Okendo plazan, Hesian eta McOnak izan dira plaza hankaz gora jartzeko ardura izan dutenak. Hesian taldeak Sakanako rock doinuekin eta McOnak taldeak itsasaldeko folk doinu ganberroekin. 

Erlazionatuak

San Pedro bezperako gaua

Beñat Lizaso Garcia 2019 eka 29 Kultura