Merkurioak gora egiten duenean ariketa fisikorik ez egitea eta etxean lasai gelditzea izan ohi da gomendio; kuadrillek, ordea, entzungor egin diete medikuen aholkuei. Kalera irten dira dena emateko asmoarekin, baita bete ere. Bero itogarriak ez du festa egarria zapuztu eta tai gabe dantza egin dute gazteek; izerditzeak ere freskatzen duelako edo hilabetetan egun honen zain izan direlako.
Pijamak baino oihal gutxiagoko jantziak eta blusak gerrian lotuta, kuadrilla jaitsierarako prest ziren festazaleak Isla plazan. Zozongoek erakutsi diete bidea (batzuetan norabidea aldatu badute ere, jostagarri), eta perkusio soinu erritmiko-hipnotikoan osatu dute Okendo plazara artekoa. Kale Nagusian eta Iñigo de Loiolan geldialdiak ere eginez, atseden hartu eta barrua bustitzeko. Abanikoak, ur lurruneztagailuak edo sulfatadora -arazoari neurriko irtenbidea-, dena izan da baliagarri freskatzeko ahaleginean.
Suziria piztu baino ordu erdi luze lehenago plaza hartzen joan dira herritarrak, "Herritik herriarentzat" dion horma-irudiaren aurrean. Itxaronaldia arindu du txosnen irekierak, eta batzuek egindako (eskertzekoa zen) ur borrokaren batek ere.
Talde dantza batzuren ondoren, 20:00ak iristear zirela, omenduen txanda heldu da. Aurten sanpedroetako suziria pizteko ardura Lasarte-Oriako Pentsiodunen eta Erretiratuen Koordinadorak izan du "azken urteotan denon eskubideen alde lan egin dutelako eta bide horretan gure eredu direlako". Euren aldarrikapenen berri emanda eskertu dute aukera, bost egunetan luzatuko diren festen metxa piztu aurretik.
Kaleko giroa baino lasaiagoa nahiago zutenek, Brigitarren komentura egin dute. Bertan, Biyak Bat jubilatuen elkarteko abesbatzak jaien aurreko azken emanaldia eskaini du; oraingoan, Trintxerpeko koruarekin batera. Giro freskoan euskal kanta ezagunez gozatzeko aukera izan dute kapera bete duten herritarrek.