San Pedro jaietako haurren txupina lehertzeko ordu gutxi falta direla, festa giroan murgilduta dago honezkero Lasarte-Oria. Urtero legez, Sorgin Jaiek, herriko jai alternatiboek, hartu dute aurrea. Astelehenera bitarte prestatu dituzten edabe magikoen artean, erabili zuten bat atzo arratsaldean, sargori itogarriari aurre egiteko. Eta, badaezpada ere, txoznetan eta herriko hainbat tabernatan −kuadrillen jaitsiera egin bitartean− ere freskatu dituzte eztarri eta bihotzak. 18:00etan hasi dira sorginkerietan, eta gaueko ordu txikietara arte jarraitu. Sorginen parranda izan da ostegunekoa.
Runba flamenko eta swing nahasketa bota du pertzara Kilimak taldeak. Gaueko lehenengo kontzertua izan da boskotearena. Ondoren, erromeria nagusi Okendo plazako oholtzan: Larrian Gozo taldeak dantzan jarri ditu ikus-entzuleak. Musika emanaldiak bukatutakoan, altxorraren bila aritu ziren ehun gazte baino gehiago. Lehenengo parranda agian ez zuen hainbeste jendek luzatu, baina ez zen urruti ibiliko.