Herri gisa aurrera egiteko urte luzeetako bataila eta zigorrak atzean uzteko beharra dagoela deritzo herri ekimenak. “Mendekuzko ekintza eta neurriak alboratu beharra dugu. Eta, espainiar zein frantziar espetxeetan preso diren euskal herritarrek ere, aparteko legerik aplikatu gabe, euren bidea egiteko aukera behar dute. Guztiok baikara eta guztiok izan behar baitugu herri honen parte”.
Era berean, ziklo berri honen aurrean, euren helburua sufrimendurik, biktima gehiagorik eta euskal preso eta iheslaririk gabe, elkarbizitza eta bakea oinarri dituen jendarte bat eraikitzea dela jakitera eman du Sare Herritarrak.