Oinarriak onartuta, martxan da legealdia udalean

Adrian Garcia 2019ko eka. 25a, 16:12

Batzordeburuak eta organo kolegiatuen ordezkariak onartu ditu udalbatzarrak; PSE-EEren eta EAJren artean banatu dituzte denak. Jon Antxordoki jeltzalea izango da Euskara Zerbitzuko burua. Gainerako sailburuak sozialistak dira. Aurrerantzean, hilabeteko bigarren astelehenetan egingo dituzte ohiko batzarrak. 

Martxa hartu du legealdiak, eta udalbatzarra eratu ostean, lehen ezohiko bilkura egin dute zinegotziek. Alkatea eta udal gobernua aukeratuta, batzordeen egutegia zehaztu eta batzordeburuak izendatu dituzte astearteko batzarrean. Baita udalbatzar ohikotarako data berria ezarri ere; aurrerantzean hilabeteko bigarren astelehenetan egingo dituzte. Ezusteko handirik ez da egon; PSE-EEren eta EAJren artean banatu dituzte sailak eta organo kolegiatuen ordezkariak. Euskara Zerbitzua Jon Antxordoki jeltzalearen esku egongo da, beste lau urtez; gainerako sailburu guztiak sozialistak izango dira.

Aldaketa handirik ez da egongo aurreko lau urtekoarekin alderatuta. Jesus Zaballos alkatea Ogasuneko batzordeburua izango da; Hirigintza, Obrak eta Ingurumena Agustin Valdiviak hartuko ditu; Zerbitzu Sozialak, Berdintasuna, Kooperazioa eta Osasuna, berriz, Lourdes Acevedok; Sozio-ekonomia, Nuria Fernandezek; David Mateo berria da batzarrean, eta Zerbitzu Publikoak sailari helduko dio; Barne Erregimena, Herritarren Parte Hartzea eta Gardentasuna Acevedoren ardurapean egongo da, baina Nagore Duran zinegotziak egingo ditu Herritarren Parte Hartze eta Gardentasunerako jarraipena; Kultura eta Hezkuntzan jarraituko du Maite Iglesiasek; eta azkenik, Gazteria, Jaiak eta Kirolak sailari eutsiko dio Txus Alonsok.

Organo kolegiatuak eta eskola kontseiluko ordezkariak PSE-EEren eta EAJren artean banatu dituzte.

Liberazioak ere onartu dituzte batzarrean. Alkateaz gainera, beste lau zinegotzi sozialistek izango dute lanaldi osoa. Horrez gainera, oposizioko bost zinegotzik izango dute lanaldi erdia: Bi EH Bilduk, beste bi EAJk, eta bakarra Elkarrekin Podemosek. Alderdiko bozeramaile guztiek dute, gutxienez, lanaldi erdiko liberazioa.

EH Bildu, aurka
Oposizioko lehen indarra da EH Bildu, eta lehen batzarrean erakutsi du kontrol lanerako prestutasuna. Jeltzaleen eta sozialisten akordioa kritikatu du Jon Martin bozeramaileak, eta kargu hartu die erabaki horietan herriaren aniztasuna ez errespetatzeagatik. 

Bestetik, liberazioen proposamenaren aurka ere bozkatu du alderdiak. Martinek salatu duenez, 30.000 euro igo da aurrekontua, baina "ez da egon udal antolaketan aldaketarik".
Zaballosek 2011. urtera jo bietan erantzuna emateko. Izan ere, urte hartan alkatetzatik kanporatu zutenean, alderdi sozialistari ez zioten ordezkaritzarik utzi, nahiz eta bozka gehien jaso. "Orduan EH Bilduko bost zinegotziek zuten liberazioren bat".