Kuadrilen jaia eta makarronada antolatu dituzte Ttakunek eta udalak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 25a, 13:15

Ostiralean egingo dute gaztetxoentzako festa Atsobakar parkean. 

LH 3-6 mailetako (2007-2010 urtetan jaiotakoak) gaztetxo kuadrilentzat festa mundiala antolatu du Ttakun Kultur Elkarteak. Giro alaian gosea berdindu nahi dutenek baimen orria eraman beharko dute Ttakunen bulegora, eta bertan, bazkarirako txartela hartu. Ostiralean ez dute ezer eraman beharko, Atsobakarren prestatuko baitute bazkaria. 

Egitaraua honakoa da:

- 13:30ean. Kalejiran irtengo dira Okendo plazatik Atsobakarrera. Elkargunea udaletxe zaharra izango da. 

- 14:00etan. Herri bazkaria Atsobakarren. 

- 14:45ean. Ur jolasak.

- 15:15ean. Busti-busti jolasa. Hau da, balkoi azpietatik ura botatzeko eskatuz joango dira. 

Urez eta festa giroz blai eginda amaituko dute jaia. Ondoren, Sorgin Dantzan parte hartu nahi duten haurrentzat nahiz helduentzat autobus zerbitzua izango da Atsobakarretik Oriara (zaharren egoitzan geldialdia egingo du) 15:45ean eta 16:00etan. Autobus txartelak Ttakunen bulegoan salgai daude 0,50€-tan.