Musika zale autodidakta izan da betidanik Lide Hernando (Donostia, 1991). Gitarra eskuetan, lehen abestiak bakarka grabatu zituen, blues eta soul estiloa jorratzen. Duela urte gutxi, talde indartsu batek lagunduta hasi zen abestiak kantatzen, rockean buru belarri sartuta. Ekainaren 30ean, igandean, joko dute Okendon.
Zer motatako kontzertua topatuko dute Okendora gerturatzen direnek?
Biran gabiltza azken diskoarekin [Tenpluak erre], eta batez ere kanta horiek joko ditugu. Baina ahaztu gabe beste kanta kuttun batzuk. Energia handiko ikuskizuna da gurea, laurok oso ondo pasatzen dugu, eta geroz eta indar gehiagorekin transmititzen ditugu abestiak. Jendeak askotan esaten digu energia handia transmititzen dugula.
Kontzertu asko ematen dituzue, eta antza denez, gustatzen zaizue oholtza gainera igotzea. Nolako harremana sortzen da zuen eta ikus-entzuleen artean?
Gero eta aldebikoagoa da harremana. Orain arte, ohitura faltagatik agian, pixka bat lotsatuta-edo dena eman gabe aritzen ginen. Gero eta gehiago jotzen ari garenez, eszenatokia gure bigarren etxea bihurtzen ari da. Gero eta gusturago gaude, eta publikoak nabaritzen du hori. Harreman oso polita sortu da ikus-entzuleen eta gure artean.
Azken disko hori da Tenpluak erre. Hor kritika egiten diozue kulturaren industriari. Zer nolako hitzak dituzte zuen abestiek?
Kanta gehienen hitzak kritika sozialei buruzkoak dira. Kanta batek baino gehiagok kultur industria jorratzen du. Gurpil ero batean sartuta gaude; gehien programatzen duten taldeek saltzen dute gehien, baina era berean, kontsumitzeko musika errazena dute.
Kultur industria aipatuta, zuek lan egin behar duzue musika sortzeaz gainera. Ez al du bizitzeko beste ematen?
Ez. Oso utopikoa ikusten dugu hori. Ez dakigu guk egiten dugun estiloarekin, eta gauzak egiteko dugun moduarekin, noizbait musika ogibide izango ote dugun. Ez dugu musika arraroa egiten, baina egia da ez dela belarri guztientzako. Badakigu horrek ondorioak dituela. Halere, nahiago dugu fidel eutsi gure gustuari. Oraingoz ez dugu zentimo bat bera ere banatu taldekideen artean, gastuak ordaintzera joan dira denak.
Bestalde, euskaraz kantatzen duzu. Saltzeko merkatu handiagoa eskaintzen dute erdal hizkuntzek.
Nik eta nire taldekideek edaten dugun musika iturriak hizkuntza askotarikoak dira, gehienak ingelesak. Baina kultur eragile publiko euskaldunak garen aldetik, ahalegina egin behar dugu euskaraz sortzeko.