Bost hamarkada daramatza Felix Telleriak Lasarte-Oriako beteranoen danborrada gidatzen. Ekitaldi hori kudeatzen duen ATLO elkarteko lehendakaria ere bada. Ez dago aspertuta, ezta nekatuta ere, baina uste du lekukoa pasatzeko momentu ona dela: "Ekitaldiak eboluzionatzen jarraitzea nahi dut; horretarako, ezinbestekoa da beste pertsona batzuk sartzea zuzendaritzan, ideia berritzaileekin".
Lasarte-Oriako danborradan 180 pertsona inguruk parte hartzen dute. 46 danbor, 90 kupel, zortzi kantinera, sei zaldi, Eibartik etorritako gastadore kuadrilla eta musikariak −azken hogei urteetan, Txaranga del Oriak girotu du ekitaldia−. "Oso indartsu dago danborrada, inoizko momenturik onenean", nabarmendu du Telleriak. Badaki zertaz ari den: 1970. urtean hartu zuen danbor nagusi izateko ardura. "Javier Mitxelenarekin batera aritu nintzen hasieran; hark erretiroa hartzea erabaki zuenean, nik zuzendu nituen danborrak eta kupelak zenbait urtez". Bi pertsonak gidatzen dute ekitaldia gaur egun: danborrak, Telleriak; kupelak, Jose Antonio Reyk.
"Beste pertsona batzuek kudeatu behar dute danborrada, ideia berritzaileekin"
Herritar gutxiago aritzen ziren danborradan duela 30-40 urte. Ez zegoen zaldirik, ez zegoen gastadorerik. Danborrak eta kupelak astintzen ere jende gutxiago ibiltzen zen: "Gaur egungo parte-hartzaileen erdia ginen", gogoratu du Telleriak.
Antolaketak ere ez zeukan zerikusirik. Herriko elkarte gastronomikoek bultzatzen zuten danborrada. Urtero, horietako batek hartzen zuen egitasmoa prestatzeko ardura. Udalak hari ematen zion dirua, eta, elkarteak, Telleriari eta gainerako antolatzaileei. "Danborrada zen elkarte horiek denak batzen zituen ekimen bakarretako bat".
ATLO elkartearen sorrera
Ekitaldia antolatzeko sistema hori aldatu egin zen urteak pasa ahala. 2011.a izan zen mugarria: ATLO elkartea sortzea erabaki zuten danborrada prestatzen zuten herritarrek. "Javier Zatarainek egindako lana azpimarratu nahi dut: bera gabe, ez genukeen elkartea sortuko". Luis Mari Sevillanoren jarduna ere aipatu du: "Lan itzela egin du, itzalpekoa; bera arduratzen da gure materiala kudeatzeaz eta mantentzeaz". Beste izen bat: Jose Luis Vivar. Duela gutxi zendu da, eta ordura arte asko lagundu zion danborradari.
Elkarte gisa funtzionatzen hasteak ekarri du antolaketa lanak gaurkotzea. "Danbor jole guztien helbide elektronikoak dauzkagu, oharrak eta abisuak bidaltzeko; ahoz aho ibiltzen ginen lehen". Liburu bat ere badaukate, 2014an argitaratua; Zatarainek egin zuen. Jasotzen du Lasarte-Oriako danborradaren historia, 1976. urtetik. "Orduan hasi ginen datuak pilatzen".
"Ez genuen ATLO elkartea sortuko Javier Zatarainek egindako lanagatik izan ez balitz"
ATLOk hitzarmen bat sinatuta dauka Lasarte-Oriako Udalarekin. 2017an elkartu ziren azkenekoz, eta hiru urterako lankidetza adostu: 10.639 euro jaso ditu aurten. Hori da elkartearen aurrekontua. "Gaur egungo danborrada antolatzeko gastuak kubritzen ditugu diru horrekin, ezin dugu handitu". Dena den, urtero-urtero sartu dituzte gauza berriak. Haurren danborradan, batez ere: "Elkarteen banderak ateratzen dira, danbor jole bakoitzari gerriko bat egin diogu, danborrei hegalak egin dizkiegu... Ahal izan dugun heinean sartu ditugu berrikuntzatxo batzuk".
Hemendik gutxira sartuko diren zuzendaritzako kide berriek erabaki beharko dute zer norabide hartzen duen Lasarte-Oriako danborradak. Iker Bravo izango da lehendakari berria; danbor nagusia, berriz, Xabier Mitxelena, Javierren semea. Ekitaldiren batean Mitxelenak joan ezingo balu, Jose Ignacio Garciak hartuko luke ardura hori. ATLOko lehendakariordea ere bera izango da. "Ez da egun batetik besterako aldaketa izango: laguntza behar badute, ondoan izango gaituzte", dio Telleriak.
Biharko emanaldia
Danborradako kideek gogor entseatu dute, biharko danborrada primeran atera dadin. Ekainean sei saio egin dituzte; azkenekoa, hilaren 19an. Sasoetako gimnasioan elkartu dira, astelehen eta asteazkenetan, 20:00etan. Oro har, ordubetez astindu dituzte danborrak, San Pedro jaietan joko dituzten pieza guztiak errepasatu arte. "Hamazazpi joko ditugu ekainaren 28an", aurreratu du danbor nagusiak. Jokin Goenaga herritarrak duela hiru urte moldatutako Lasarteko Martxa izango da bereziena: Telleriak gidatuko du, eta, bukatzean, Mitxelenari pasako dio makila, gainerako guztiak berak zuzendu ditzan. Okendo plazan hasiko da ikuskizuna, 23:00etan. Ordu erdiz joko dute han, eta Kale Nagusira irten gero. Udaletxean gelditu, eta Geltoki kalerantz joango dira gero. Asador Riojanos jatetxean bukatuko dute, Uistin kalean. "Eraikin zaharra erre zitzaien urtean, danborrada bertatik pasatu zenean, han zeuden beraiek, guri edariak emateko prest", oroitu du Telleriak.
Bost hamarkada eta gero, makila pasatzeko ordua iritsi zaio danbor nagusiari. Azken emanaldia izango dela jakinda, urduri ote dago? Atzerako kontaketa hori nola bizitzen ari da? Eta entseguak? Erantzuna, argia: "Oso lasai nago; argi daukat joateko unea dela, beste pertsona batzuek lekukoa hartzekoa".
Telleriak dio "zorrotza" dela entseguak zuzentzerako orduan, baita zuzeneko emanaldietan ere. "Asko eskatzen diet danbor joleei". Hori irakurrita, baten batek pentsa dezake lasaitu ederra hartuko dutela parte-hartzaileek hemendik gutxira, baina ez da horrela. "Noiz edo noiz izan dut liskar txikiren bat,E baina orokorrean oso gustura ibili naiz guztiekin; eskerrak eman behar dizkiet horregatik. Inoiz ez didate esan kargua uzteko edo antzeko gauzarik".
Badira urte batzuk Lasarte-Orian soilik jotzen dutela. "XXI. mende hasieran Abaranen (Murtzia) egon ginen; pare bat urtez joan ginen hara. Esperientzia polita izan zen". Gaur egun, ordea, nekez biltzen dute jende nahikoa autobusa hartu eta jotzera joateko. Duela bizpahiru urte Oviedotik deitu zieten, baina Errege bezpera zen. "Autobusa hartu behar duzu, pare bat orduko bidaia egin, jo, han pixka bat egon, eta bueltatu gero. Gero eta gehiago kostatzen zaie danbor joleei horrelako irteeretara animatzea", aipatzen du Telleriak.
'Lasarteko martxa' gidatuko du Telleriak, eta Mitxelenari pasako dio makila gero
Hori dela eta, zuzendaritzak erabaki zuen herritik ez irtetea. Hori bai, beti daude prest ekitaldi lokaletan laguntzeko. Adinkide elkartearen jaialdia antolatu dute aurten, esate baterako.
Familiaren laguntza
Telleriari egindako elkarrizketa askoz luzeagoa izan zitekeen. Danborradan buru-belarri ibiltzeaz ez ezik, beste hainbat ekimen kulturaletan aritu eta aritzen da herritarra. Erketzen sorreran eta hasierako urteetan; gero, Ibargin; Landaberri ikastolan eta Gipuzkoa osoan zehar dantza irakasten eta emanaldietan parte hartzen; eta Sorgin Dantzan ere bai. Azkeneko hori ere aurten utziko du. "Lanera 07:15ean joaten nintzen, eta 22:00etan itzuli". Bazkaltzera bai, bueltatzen zen, ordubetez.
Familiak lagundu dio erritmo hori mantentzen. Ezkondu aurretik, bere amak −Fortunata Zuaznabarrek− eta anai-arrebek. Ezkondu eta gero, Pakita Maritxalar emazteak eta alabek. "Emazteak ez dizkit inoiz hegoak moztu, beti ulertu nau; eskerrak ematen dizkiot horregatik". Urteak eta urteak pasatu ditu geratu gabe, hara eta hona, kultura lau haizetara zabaltzen. Erritmoa jaistea erabaki du orain. Bizitakoaren errepasoa ere egin du: "Urte hauetan guztietan oso gustura aritu naiz eta asko gozatu dut; ez naiz ezertaz damutzen".