Zuretzat hain garrantzitsuak izan diren garai hauetan, hiru bandera astindu dituzu airean. Txuri-urdina lehena, eta, horrekin batera, Ostadar kirol taldearena. Zabaleta auzokoa zara, bertan eman zenizkion lehen ostikadak baloiari, eta auzoan zein herriko elkarteen eskutik hezi zara herrigintzaren, elkarlanaren eta laguntasunaren baloreetan. Ateak berriz irekin dituen JALGI-ko horma irudi handian dago zure argazki bat, herrian emandako lehen pausoen erakusle.
Ikurrinarekin ere ikusi zaitugu argazkietan; euskara, gure kultura eta nortasuna lau haizetara zabalduz. Eta ostadarra izan da hirugarren bandera; gu denontzat, gure herriarentzat eta munduarentzat askatasuna, aniztasuna, maitasuna eta errespetua aldarrikatzen duena.
Orain herriko jaiak datoz, eta zure kuadrillako blusaren koloreak jarriko dituzu dantzan berriz ere… laguntasunaren, auzolanaren, euskararen eta askatasunaren koloreak. Goza ditzagun jaiak, eta bihur gaitezen SORGIN! Bide batez, bejondeizuela Sorgin jaietako lagunei, eta zuek bezala, jaietan ez ezik urte osoan Lasarte-Oria alai, euskaldun, parekide eta koloretsu baten alde borondatezko lana egiten duzuen guztioi.
Egun bereziak dira festak, eta beti oroitu ohi gara gertukoez une horietan. Tamalez, urruti daude gertuko batzuk. Horregatik, SAREk dioen moduan, korapiloak askatzeko unea da, eta herrian ez zaudetenak laster gure artean izan zaitezten aldarrikatuko dugu egun hauetan ere.
Alternatibatu! Itzali zure bizitzaren grisa, piztu zure barneko koloreak.
Irten bidetik, irtenbidetik!
Gora sanpedroak! Gora Lasarte-Oria!