San Pedro jaiek eztanda egitearekin batera hasiko da Ttakun Kultur Elkarteak 2019. urteko sanpedroetarako antolatu duen egitaraua. Musika, dantza, gastronomia eta aitortza soziala izango dira euskararen erabilera eta euskal kultura sustatzeko egingo diren jardueren ardatz.
Jaietako lehen bi egunetan biltzen den programazioan adin guztietarako ekimenak daude.
Ekainaren 28an, belaunaldi arteko ekintzak dira protagonista, Gure Patxintxi sariak eta Sorgin dantza.
Haur txupinaren ostean, egingo da lehen ekimena, udaletxe zaharreko balkoian; 2019ko Gure Patxintxien izena jakitera emango ditu Ttakun Kultur Elkarteak.
Ekainaren 14ra arte, Lasarte-Oriako adin txikikoek haien hautagaiak aurkeztu dituzte. Ekainaren 18an, asteartean aukeratutako pertsonen izenak ezagutzera eman ziren, Ttakunen sare sozialetan. Igandea, ekainaren 23a arte, herritarrek haien bozkak eman dituzte, baita txintxarri.eus gunean ere.
Laugarren urtez antolatu du euskara elkarteak lehiaketa. Helburua da 65 urtez gorako herritar maitagarri eta goxoenak era xume eta alaian omentzea.
Joxe Usabiaga eta Pepi Arsuaga izan ziren iaz herritarren esker ona jaso zutenak. Aurreko urteetan On Ramon Uribetxeberriak, Rosa Velascok, Jesus Mari Egizabalek eta Apoloni Otxandorenak ere izan zuten omenaldi txikia.
Ordu batzuk geroago, 14:00etan hain zuzen ere, hasiko da hurrengo ekintza. Iaz ez bezala, aurten haur eta gaztetxoek elkarteak prestatutako makarroi jan gozoa dastatuko dute Atsobakar parkean. Guztiak 12:30ean bilduko dira Okendo plazan, eta 13:30ean, Gauerdi txarangaren doinuek lagunduta parkera gerturatuko dira gazte kuadrillak.
Ohitura legez, San Pedro egun bezperan, Sorgin dantzak Lasarte-Oriako kaleak hartuko ditu helduen txupina baino lehen.
Sorgin dantza eta zikiroa
Txistularien doinu eta erritmoari jarraikiz, 16:30ak aldera, belaunaldi guztietako 200 bat herritar kalejira alaian joango dira Oriako auzotik erdigunera.
Puntual hasteko, dantzari eta txistulariek ordu erdi lehenago egon behar dute Oriako Karmengo Amaren kaperaren ondoan, 16:00etan.
Janzkerari azken ukituak eman eta ordua jotzean, haurren eta helduen zortzikoteek dantza egingo dute. Ostean, kalejira hasiko da.
Ibilbidean ohiko geldialdiak egingo dituzte: Biyak Bat jubilatuen elkarte parean eta udaletxe zaharraren aurrean. Behar izanez gero, indarrak berreskuratu eta eztarriak freskatzeko ere geratuko dira beste zenbait gunetan.
18:30ak aldera, Okendo plazara iritsiko da kalejira, eta bertan guztiek batera dantza egingo dute.
Guztia prest egoteko, asteartero eta ostegunero bildu dira pausoak gogoratu eta dantzan trebatzeko. Azken saioa gaur izango da.
Eta San Pedro jaietako lehen egun horretako ekimenei amaiera emateko, 21:30ean, hitzordu gastronomikoa dago Okendo plazan: zikiro afaria. Arratsaldeko lehen ordutik Antonio Mercero plazan sukaldariek erretako haragia dastatu ahalko dute mahaikideek.
Zikiroaz gain, entsalada, postrea eta kopa ere eskainiko dituzte. Era horretara, sabelak ederki bete eta gaueko ordu txikiak arte ongi irauteko indarrak hartu ahalko dituzte herritarrek.

Musika eta sagardo dastaketa
San Pedro eguna, berriz, dantzan eta kantuan hasi ahalko dute herritarrek. 12:00etatik aurrera, kantu-dantza jirak Lasarte-Oriako kale eta plazak alaituko ditu.
Aurten jarduerak aldaketa txiki bat du; irteera puntua Okendo plaza izango da. Bertan, Ama Guadalupe Extremadura Etxeko kideekin senidetze txikia izango da. Extremadura etxeko kideek eskainitako miga gozoak dastatu eta Gasteizko Extremadura etxeko abesbatza eta dantza taldearen aurrekari, emanaldi txiki bat eskainiko du Xumela abesbatzak.
Ostean, txistularien eta Txapasen laguntzaz, euskal doinuak eta umore ona eramango dute Lasarte-Orian barrena. Xumela koruko kideez gain, Alboka abesbatzekoei eta herritarrei ere egin zaie gonbita.
Muxikoek eta euskal dantzek ere tartea izango dute ibilbidean. Plaza dantzako kideek pausoz pauso txistularien doinuak jarraituko dituzte. Gonbidatuak ere izango dira egiteko horretan, Erketz EDTeko eta Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako lagunak.
Arratsaldean, inguruko sagardotegi eta baserrietan ekoitzitako sagardoaren dastaketa eta erromeria izango dira. 18:00etatik aurrera, herritarrek nahi adina sagardo edan ahalko dute, Okendo plazan. Sollane, Buenavista, Telleri, Zubillaga eta Saltsateko sagardoa eskainiko dute dastaketan, amaitu arte. Aurretik, euro batean edalontzia erosi behar da.
Azkenik, 19:00etan, euskal doinuek beteko dute Okendo plaza. Gorputza astintzeko aukera berria izango dute herritarrek erromeriari esker. Plaza dantzako, Erketz EDTko eta Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako kideak ere izango dira bertan.
Ttakunek jardueratan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.