Txikitatik dendan aritu da Ormazabal, aitonak duela 94 urte irekitako leku berean aitak zuen saltokian. Saltzailea da bokazioz eta emaztearekin loradenda du 1987tik. Oztopoak oztopo, uste du bereizi eta berrituta merkatari txikiek aurrera egiteko aukera dutela.
Omendua izatea ohorea da, ezta?
Garrantzitsua da herriaren aitortza jasotzea bertako bizitza sozial eta kulturalaren parte gisa. Aterpeak jasoko du, baina ostalari, merkatari eta zerbitzu guztientzat da, kide izan edo ez.
Udalaren aitortza ere bada. Nolakoa da harremana?
Hasieran laguntzarik ez genuen, oztopoak besterik ez. Garai hartan egon zirenek ausardia handia izan zuten, ilusioa piztu eta gauzak egiteko. Ondoren, duela hamar bat urte, aitortza etorri zen, gertutasuna, diru laguntzak... Pablo Barriorekin eta Jesus Zaballosekin harreman izan dut; ona, gertukoa, gauzak hitz egiteko modukoa. Lankidetza horri esker, urtean hogei jardueratik gora egin ditzakegu.
Nola bizi dituzue sanpedroak?
Ez da lan gehien egiten dugun garaia. Herriaren parte aktiboa gara eta festak gainerakoek bezala bizi ditugu. Sardina-jatea antolatzeaz gain, parte hartzen dugu erakusleiho eta tabernak apainduz. Urte osoan egiten dugu lan, bizia ematen diogu herriari.
Zer erronka ditu Aterpeak?
Hiriburutik zortzi kilometrora gaude, ondo komunikatuta, merkataritza guneak gertu… Urbil-ena kolpe gogorra izan zen, krisi industrial larria pasatu genuen, eta orain, gehiago dator. Baita online salmenta ere. Kaltetzen gaitu, nahiz eta saiatu zaila baitugu horretan sartzea.
Eta aukerak?
Gertutasuna, tratu ona, erakusleiho apainketa, jendea erakartzeko; eta produktuaren kalitatea. Egunero-egunero gure burua berritu behar dugu, ahalegindu eta aurrera egitea sustatu.
Ordezko belaunaldirik ba al da?
Urte askotako negozioetan seme-alabetako ia inork ez du jarraitu nahi. Gazteengan pizgarria sortzea zaila da. Edonola ere, animatu egiten ditut; aukera polita da zure burua eta jarduera bat garatzeko. Oso alor interesgarria da, enpresen lan baldintzetatik oso bestelakoa.
Eta elkartean?
Uzten joan nahiko nuke, baina ez didate uzten. Ez nuke nahi lortu duguna galtzea. Ideia berriak ekar ditzakeen norbait gaztea badator ona da. Zortzi urte asko da eta kargura ohitzen bazara txarra da.