Lasarte-Oriako Zezensuzko eta erraldoien taldea jende bila

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 24a, 16:00

Heldu, gazte eta haurrek gozatzen dute zenzensuzkoarekin.

Erraldoiekin beste herrietara joateko gonbita jaso du elkarteak; jendea behar du eskaera horri eta sortu daitezkeenei aurre egiteko. Lasarte-Oriako Zezensuzkoa eta Erraldoien Taldeak berrikuntza batzuk iragarri ditu aurtengo jaietarako. 

Ilusioa, beldurra... San Pedro jaietan herriko kaleetatik barrena ibiltzen diren erraldoiek eta zezensuzkoak sentimendu ugari sortzen dute. Jaietan hutsik egiten ez duten bi jarduera horiek LOZET Lasarte-Oriako Zezensuzko eta Erraldoien Taldeak kudeatzen ditu 2016. urtetik.

Hamar bat lagunen artean sortu zuten taldea, usadio horiei jarraipena emateko asmoz, eta laster elkarte bihurtuko da. "Horrelako usadioak bertan behera geratzea pena bat da. Sanpedroetan ateratzean, gainera, gauza oso kuriosoak ikusten dituzu. Iaz, esate baterako, aita batek umearen txupetea eman zigun," azaldu du taldeko kide batek.

Taldeak hiru atal ditu; zezensuzkoa, erraldoi eta buruhandiak, eta antzezpen historikoak. "Laugarren urtez parte hartu dugu Donostian Abuztuaren 31ko ekimenetan".

Aurten jaietan berrikuntzak egon daitezkeela aurreratu dute. "Zezensuzkoak gehiago aterako ditugu. Oraindik zehazteko daukagu zenbat izango diren eguneko. Lau zezen batera ateratzeko moduan gaude. Bestetik, ipotxak izateko eskaria egin dugu. Horiek erraldoien buruak dira, eta bertan pertsona sartzen da. Baina ez dakigu posible izango den. Ez dakigu iritsiko diren, ezta jendea izango den ere horiek eramateko".

Izan ere, jende faltan baitago taldea. "Lanarengatik justu gaude, eta, gainera, orain beste herrietara joateko aukera sortu da. Erakustaldiak egitera edo... Herri guztietan ez dute zezensuzko edo erraldoirik jabetzan; edo ez dago inor zezensuzkoa eraman dezakeenik, baimenik ez duelako".

Horregatik, herritarrei, eta neskei batez ere, gonbita egin diete taldeko kide izatera. "Talde irekia da, eta herrikoak gara guztiak".

Erraldoi eta buruhandietarako ez da beharrezkoa ikastarorik egitea. "Errespetua ematen dute. Baina erraldoiak eramateko ez da indarra behar, abilezia kontua da. Erraldoia orekatua eta zuzen mantentzea da lana".

Zezensuzkoa eramateko ordea, Arkauten ikastaro berezia egin behar da. "Pirotekniaregatik egiten da ikastaroa, eta zorrotz ari dira legea betearazten. Horregatik, gure asmoa da taldea handitzen doan heinean, bost pertsonako taldea osatu eta ikastaroa egitea da".

Halaber, bestelako lanak ere badaude: buruhandi, erraldoien laguntzaile edo zezensuzkoen artzain. Buruhandien eta erraldoien laguntzaileen lana ezaguna da, baina ez ordea artzainena. "Zezena babesten dute, metxari zenbat geratzen zaion jakinarazten dute, jendea erdian jartzen bada zezena daramanari ohartarazten diote..."

Taldeko kide izan nahi duten herritarrek LOZETekin harremanetan jar daitezke, 661 054 022 telefonoan edo lozet2017@gmail.com helbidean.