Garretan erre da udaberria; iritsi da uda

Beñat Lizaso Garcia - Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko eka. 23a, 23:26
Gaueko hamarretan piztu dute San Joan Sua.

Urteko gaitz eta gauza txarrak San Joan Sutara bota dituzte lasarteoriatarrek gaur gauean. Garretan erre da udaberria; iritsi da uda. Sanpedroak, berriz, iristear. Motorrak bero-bero dauzka herriak honezkero

San Joan Suarekin batera etortzen da uda urtero Lasarte-Oriara. Etortzekoak dira gauza gehiago datozen egunetan: sanpedroak, esate baterako. Bost egun besterik ez dira falta herriko jaiak iristeko −festa giroa ostegunetik egongo da; orduan hasiko dira Sorgin Jaiak−. Ospatzeko egun horiek ailegatu bitartean, urteko gaitz eta gauza txarrak bota dituzte garretara lasarteoriatarrek. Bertan erre da udaberria ere.

Azkeneko urteetako egitarau berbera prestatu dute antolatzaileek. Erketz EDTko hainbat dantzari udaletxe zaharretik atera dira 21:30ean, udal korporazioko kideekin batera. Dezente animatu dira aurten dantzatzera: Jon Martin, Uxue Loinaz eta Estitxu Garmendia (EH Bildu); eta Jon Antxordoki eta Estitxu Alkorta (EAJ). Andatza plazara iristean, eta gaueko hamarrak iritsi bitartean, hainbat dantza plazaratu dituzte. San Joaneko zortzikoa, besteak beste.

Lourdes Acevedo alkateordeak piztu du sua, Juantxi Ugarte teknikariarekin batera. Suak asko berotzen bazuen ere, herritar ugari dezente gerturatu dira, ikasle gazteak batez ere. Poltsa bete apunte zeraman bakoitzak, eta gustura bota ditu orri horiek denak sutara. Oporrez gozatzeko garaia dute orain.

Erlazionatuak

San Joan Sua Andatza plazan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 23 Kultura

San Joan Sua Andatza plazan

Beñat Lizaso Garcia 2020 eka 23 Kultura