Alboka abesbatzako kideek prest dituzte ahotsak udako emanaldietarako. Italian eskainiko dute horietako bat, Sosegana eskualdean, abuztuan. Duela 24 urte egindako bidaia errepikatuko dute. Datorren urtean abeslari italiarrak etorriko dira Lasarte-Oriara.
Brigitarren komentuan abestu zuen herriko abesbatzak, eta ikasturteari amaiera eman. Jendez lepo zegoen. Ikus-entzuleen artean bazegoen pertsona berezi bat: Gianni Bertoli. Alboka Italiara joan zen azkeneko aldian bera zen abesbatza italiarraren zuzendaria. Txalo zaparrada luze eta ozena jaso zuen Iñaki Lopez de Luzuriaga eta Jesus Oceja aurkezleek −Albokako kide ere badira− bere izena aipatu zutenean.
Hiru bloketan banatutako egitaraua eraman zuen Albokak Brigitarren komentura. Lehenengoan, lau abesti interpretatu zituzten: Signore delle cime, Requiem, Kyrie eta Cantique de Jean Racine. Hainbat euskal pieza klasiko sartu zituzten bigarrenean: Maitiak galde egin zautan, Itsasoa laino dago eta Jaialdia, hain justu. Azkeneko blokean, berriz, hauek: That lonesome road, Ja Na Erdhi Viti I Ri, Wangol eta Imbakwa. Amaia Dorronsoro eta Javier Gonzalez Sarmiento aritu ziren pianoan eta Carolina Muñoz arduratu zen perkusioaz. Montse Latorreren zuzendaritzapean.