Bide berrien bila

Beñat Lizaso Garcia 2019ko ekainaren 22a

Goizean goizetik gertuko azoka egon da Oriarte institutuaren ondoko plazan

"Bide bakarra ikustera behartu gaituzte, bide-ertza hormez josi dute eta ihesbideen aurrean itsu utzi gaituzte". Begiak ireki eta bide berriak bilatzeko eguna izan da ekainaren 22a.

IrtenBidetik AlternatiBATU mugimenduko kideek egun osoan zehar hainbat ekintza eraman dituzte aurrera. Helburua argia da: Inposatutako bizimodutik at, bestelako kontsumo eta bizi ereduak ezagutzea. 

Eguna ikuspegi kritikoa lantzeko ibilbide gidatu batekin hasi da. Herriko txoko ezberdinak bisitatu eta haien inguruan hausnartzen ibili dira herritarrak. Irlako baratzetan elikadura burujabetza izan dute hizpide. Pabilioietan, berriz, etxebizitza kooperatiboen eta Dekosocial proiektuaren inguruan aritu dira. Periferia eta zentroaren inguruan ere hausnartu dute, Basaundin. Bukatzeko, erdigunean hirigintzaren inguruan solastu dira. 

Gainera, goizeko 10:00etan gertuko azoka zabaldu da. Bertan Lasarte-Oriako eta inguruko herrietako nekazari, sortzaile, artisau, bitxigile eta gozogileek euren produktuak salgai jarri dituzte. 

Goizeko egitarauari amaiera emateko Izarkom, Goiener eta Koop57 kooperatibek euren proiektuak aurkeztu dituzte. Ondoren Eutxourrei taldearen eskutik bazkaldu eta arratsaldeko mahai inguren txanda izan da. 

Mahai inguruetan Euskal Herrian kulturaren inguruan lanean dabiltzan hainbat espaziok parte hartu dute: Katakrak, Azpeitiako Kultur Mahaia, Astra, Eltzea eta Aiaraldeko Ekintzen Faktoria.

Egunari amaiera Duo Do Portu taldeak eman dio, kalean, kontzertu bat emanez. 

Erlazionatuak

IrtenBidetik AlternatiBATU

Beñat Lizaso Garcia 2019 eka 22 Gizartea