Lasarte-Oriatik Murtziara. San Pedro jaietako kartelaren sariak herriko mugak gainditu ditu berriro ere. Iaz Burgoseko Toño Gutierrez eta Diego Gil bikoteak lortu zuen. Aurten, berriz, Ruben Lucas Garcia (Torreaguera, Espainia, 1980) diseinatzaileak eskuratu du. Azken urteetan, Espainiako hamaika kartel lehiaketetan parte hartu du, eta hainbat sari eskuratu ditu. Gasteizko 2018ko Inauteriak, 2019ko Burgoseko Jaiak eta Tortosako XXVI Mostra Jazz jaialdia irudikatzeko afixak bereak dira, esate baterako. Diseinatzaile grafikoak lana eta lehiaketak uztartzen ditu "ahal duenean". Halere, irabaztea loteria kontua dela dio. Pozik agertu da Lasarte-Oriakoa eskuratzeagatik.
Kartel lehiaketako sari banaketa ugaritan entzun da zure izena aurten, eta beste askotan parte hartu duzu. Nola izaten duzu horien berri?
Parte hartzen duen lagun batek deialdien berri ematen dit. Horrela izango ez balitz ere, gaur egun Interneti eta sare sozialei esker kartel lehiaketen informazioa eskura izan dezakezu klik batean.
Zergatik aurkeztu zinen Lasarte-Oriakora?
Lehiaketa asko dago eta erabaki behar da. Ez ditut lanak guztietara aurkezten. Izan ere, lanbidearekin batera uztartzen saiatzen naiz, eta denbora librea dudanean egiten ditut kartelak.
Harremanik al duzu Lasarte-Oriarekin? Ezagutzen al zenuen herria lehiaketara aurkeztu baino lehen?
Harremanik ez dut herriarekin, eta ez nuen ezer ezagutzen herriari buruz. Itsuan aukeratu nuen lehiaketan parte hartzea.
Orduan, kartela egiteko dokumentazio lan handia egin behar izan duzu...
Bai, horrela da. Jaia eta hainbat ekintza irudien bidez ezagutu nituen. Erraza egin zitzaidan. Sarean jaiari buruzko informazio eta irudi ugari aurkitu daitezke.
Zein zen zure asmoa kartel honetan?
Nire helburua jaietako elementu eta zenbait ekintza agertzea zen. Zer hobeagoa jaia irudikatzeko festa bera baino!
Nola definituko zenuke zure kartelaren estiloa?
Estilo sinplea da, kontzeptuala. Norbaitek ikusten badu haur batek egindakoa dela usteko du. Baina kontzeptualki elementu asko dituen lana da, oso adierazgarria. Arnas hartzen duen kartela da, garbia, sinplea... eta horrek guztiak ez du kontzeptua gutxiesten.
Horrez gain, nire lanetan polibalentea izaten saiatzen naiz. Kartel lehiaketa batzuei ongi dagokien iruditegia, ez da besteentzako baliagarria. Oso erlatiboa da, lehiaketa bakoitzak bere epaimahaia du eta. Haren ezagutza eta iritzien arabera kartel batek edo besteak irabaziko du. Epaileek aurkeztutako kartelaren estiloa gogoko ez badute jai duzu. Beraz, loteria bat ere bada.
Nola izan da kartela egiteko prozesua?
Kartelean pentsatzen hasten naiz. Pazientziaz eta maitasunez, arkatza eskuan dudala paperean ideiak garatzen ditut. Gero ordenagailuaren laguntzaz doitzen noa lana.
Lehiaketara aurkeztu ziren gainontzeko lanak ikusi al dituzu?
Bai, Interneten ikusi nituen; oro har, oso maila altua dago. Kartel batzuk oso landuak daude, eta kontzeptu ona dute. Lehiaketa guztietan ehuneko handi batek du maila altua.
Baina lehen esan bezala, loteria bat dela uste dut. Batek irabazi behar du, eta aurten ni izan naiz irabazlea, baina beste pertsona bat izan zitekeen ederki asko. Agian hurrengo urtean esfortzu handiz egindako lan bat aurkezten dut, eta ez dut hainbesteko zorterik. Normalena izango litzateke hori. Orain garaipenaz disfrutatzeko ordua da.
Zer egingo duzu sariarekin?
Zintzo hitz eginda, kartelerako hainbeste dokumentatu eta gero, jaiak ezagutzeko gogoa piztu zait. Herri polita iruditu zitzaidan. Aurten ezingo dut joan, agenda nahiko betea dut eta. Baina hurrengo urtean agian, sariaren zatitxo bati esker Lasarte-Oria ezagutzera joan naiteke. Ez dakit San Pedro jaietan edo beste garai batean izango den, baina joan nahiko nuke.