Bapo bazkalduz bukatu dute denboraldia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko eka. 21a, 16:15
LOKEko sail desberdinetako kirolari sarituak, entrenatzaileekin, bazkaldu eta gero.

Usurbilgo Atxega jauregian bapo bazkalduta amaitu du denboraldia LOKEk: kirolari, entrenatzaile eta guraso, 88 pertsona eseri dira mahaira. Gimnastika erritmikoko kideek erakustaldi ikusgarria eskaini dute asteburuan, Maialen Chourraut kiroldegian

LOKE Lasarte-Oriako Kirol Elkarteak bazkaria antolatzen du urtero −duela bi urte ez ziren elkartu, tenis arduradun eta lehendakari ohi Xabier Gonzalezen heriotza tarteko−, denboraldiari giro ezin hobean agur esateko. Usurbilgo Atxega jauregira joan dira aurten. Bapo jan zuten igandean: urdaiazpikoa, entsalada epela, krepea eta porru eta ganba hostopila hasteko; arraina edo haragia aukeran gero; eta, postrerako, izozkia, tarta edo etxeko mamia. 88 pertsona eseri ziren mahaira.

Tenis, judo eta gimnastika erritmikoko arduradunek, Mariasun Yurritak, Gorka Aristegik eta Maite Ruedak −LOKEko lehendakari ere bada− hartu zuten hitza bazkalostean, eta kirolariek egindako lan bikaina saritu zuten. Bereziki aipatzekoak izan dira Eneko Eizagirre eta Almi Campo judokek eta Aizpea Arroyo gimnastak egindako lana, besteak beste. LOKEn ari diren kirolariek ez lituzkete horren emaitza onak lortuko itzalean lanean aritzen diren pertsonengatik izango ez balitz. Judo sailak sari berezia eman zien Angel Sagasti eta Desi Conderi, urtero-urtero eman duten laguntzagatik eta denboraldi amaierako bazkarira joateagatik, hutsik egin gabe.

Jatetxe kanpoaldera joan ziren gero saritu guztiak, talde argazkia ateratzera. Judo eta gimnastika erritmikoko kideek ere atera zituzten argazkiak, kazetari bat baino gehiago joan zela baliatuta.

Erakustaldiak kiroldegian

Gimnastek erakustaldi bikaina eskaini zuten pasa den asteko larunbat arratsaldean, Maialen Chourraut kiroldegian. Bi ordu inguruz aritu ziren, urtean zehar gogor eta ilusioz landu dituzten koreografiak erakusten. Maite Rueda entrenatzaileak omenaldi xume baina beroa jaso zuen ikuskizuna bukatu ostean.

Judokak ariko dira igande goizean. 09:45ean puzgarriak jarriko dituzte, 10:30ak arte. Gero ordubeteko lan saioa egingo dute, eta sariak banatu. 12:00ak aldera puzgarriak jarriko dituzte berriro. "Erakustaldia bainoago, judoaren festa izango da igandekoa", nabarmendu du Gorka Aristegi entrenatzaileak.

Erlazionatuak