Rocioko ama birjinarekin dantzan eta kantuan

Beñat Lizaso - Iñigo G. Sarobe 2019ko ekainaren 17a

Igande eguerdian atera zuten Semblante Andaluzeko kideek Rocioko ama birjina. Elizan egin zuten geldialdi bat.

Semblante Andaluz elkarteak Rocioko erromeria ospatu du asteburuan, Atsobakar parkean. Igandea izan da egun handia: meza egin dute Arantzazuko Ama parrokian, eta ama birjina herrian zehar eraman gero. Eguzkia ezkutatu arte luzatu da festa

Semblante Andaluzen Rocioko erromerian parte hartu duten herritar batzuek zaintiratuak dituzte giharretan oraindik. Dantzan eta kantuan pasa zuten asteburua, giro ederrean, Atsobakar parkean. Eguraldi bikainak ere lagundu zuen.

Larunbat eguerdian ireki zuten txozna elkarte horretako kideek. Rebujitoa, ardo beltza, ura, freskagarriak, sagardoa...eta pintxo ugari sabela betetzeko: haragi burruntziak, gazta, urdaiazpikoa, txorizoa, txibi frijituak eta beste hainbat. Jendez lepo egon zen bi egunetan.

Igandea izan zen egun handia. Eguerdiko hamabietan hasita, meza rozieroa egin zuten, Zumaburu auzoko Arantzazuko Ama parrokian. Ramon Uribe-Etxebarria apaiz beteranoak gidatu zuen saioa, urtero bezala. Semblante Rociero koruak girotu zuen elizkizuna, urtero bezala, Juan Navarro herritarraren gidaritzapean.

Ordubete inguruz eliza barruan egon eta gero, kanpora irten ziren herritarrak, eta gorputza gogotik astindu zuten, Rocioko Ama Birjina begira zutela. Kale Nagusia zeharkatu zuten −San Pedro elizan ere geratu ziren dantzatzera eta abestera−, Tajamarreko biribilgunetik pasa eta Atsobakarrerantz abiatu.

Ohorezko ardoarekin, topa

Ama birjinarekin batera zetorren herritar andanak are gehiago zituen zain txozna gunean. Baita udal ordezkariak eta gonbidatu bereziak ere. Semblante Andaluzeko lehendakari Jose Mari Mellado mahaira gerturatu zenean, edalontziak rebujitoarekin edo beste edari batzuekin bete eta topa egin zuten, irribarretsu. Txozna eta inguruak lepo zeuden: Semblante Andaluzeko sukaldari finek prestatutako paella goxoa jan zuten. Ongi irabazita dauka ospea plater horrek.

Arratsaldean, emanaldien txanda. Errenteriatik etorritako Aljarafe eta Concha Rociera aritu ziren aurrena. Ondoren, Andoaingo Triana. Semblante Andaluz elkarteko dantza taldeak ere igo ziren oholtza gainera: Zambra, Azabache, Gitanillas del Alba eta Duende. Semblante Rociero korua ere ederki aritu zen, ohi bezala. 25 urte bete dituzte aurten.

Nahi baino lehenago iritsi zitzaien erromeriara joandakoei Rocioko ama birjinari agur esateko unea. Semblante Rocieroko kide Jose Perezen gitarraren akordeek gidatuta, Salve Rociera abestu zuten Atsobakarreko egurrezko itsasontziaren alboan. Festak ilundu arte jarraitu zuen.

Erlazionatuak

Rocioko erromeria 2019 (1. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 17 Kultura

Rocioko erromeria 2019 (2. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 17 Kultura

Rocioko erromeria, iruditan

Beñat Lizaso 2019 eka 17 Kultura