Irailetik daramate herriko sorginek aurtengo edabe magikoa prestatzen. Osagai ugari bota dituzte pertzara: euskara, feminismoa, kontsumo eredua, hondakinen kudeaketa, ekoizleak eta parte hartzea. Sutan egosten hainbat hilabetez eduki ostean, prest dute dena. Ekainaren 27an sorginduko dute herria, aurten hemezortzigarrenez. Herriko belaunaldi gazteek kudeatzen dituzte jai alternatiboak, baina presente dute iragana: "Nork esango zigun duela hemezortzi urteko txoznen debekua eta gero, gaur egun mantendu egingo genuela!", adierazi dute Antonio Mercero gunean egindako prentsaurrekoan. Jone Arroyok, Asier Urruzolak eta Haizea Alvarezek eman dute egitarauaren berri.
Ekainaren 27an, osteguna, iritsiko dira Sorgin Jaiak herrira. Pijama eguna izango da. Koadrilen jaitsierak irekiko du egitaraua, 18:00etan. Zozongok girotuko du. Txupinazoko suziria Okendo plazan lehertuko da, 20:00etan. Pentsiodunak eta euren borroka omentzea erabaki du jai batzordeak. Lehenengo jai eguna, eta lehenengo parranda eguna: Kilimak eta Larrian Gozo erromeriak girotuko dute gaua. Bukatzeko, altxorraren bila jolasa egingo dute, 02:00etan. Aurten egingo dute ekintza hori lehenengo aldiz.
Ekainaren 28a sexu askapenaren eguna izendatu dute. Bazkalorduan elkartuko dira Okendo plazan, 14:00etan. Ondoren, kontzertu akustikoa egingo dute. Arratsalde partean, antzerkia: 'Ene bada badu!' ikuskizuna eskainiko dute Intza Alkainek eta Bea Egizabalek. Gaueko hamaiketan, berriz, danborrada egingo dute.
Festa, astelehenera arte
Manifestazioa eta bazkaria izango dira ekainaren 29ko lehenengo ekintzak. Larunbata izango da, elkartasun eguna. Indarrak berritu eta gero, 17:00etan, olinpiadak hasiko dira Kale Nagusian. 19:30ean, berriz, bertsopotea.
Ekainaren 30ean, sorgin egunean, txapelketa ugari aukeran: bakailuarena 10:00etan, eskoba karta jokoarena 16:00etan, eta frontenisarena 18:00etan, Loidibarren pilotalekuan. Gauean, musika izango da protagonista. Optika, Liher eta DJ Ixter igoko dira Okendoko oholtzara.
Sorgin Jaien edabe magikoak uztailaren 1era arte iraungo du. Mus txapelketa 16:00etan hasiko da. Jam sesioa, berriz, 18:00etan. Txoznak 22:30ean itxiko dituzte.
"Jai feminista, euskaldun, eta parte-hartzaileak prestatu ditugu, kontsumo eredu osasuntsuaren eta bertako ekoizleen aldekoak", nabarmendu dute antolatzaileek. Herritar guztiak animatzen dituzte egitarauko ekintzetan parte hartzera: "Antolatu ditugun ekintzak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula".
Eraso matxisten aurkako protokoloa
Sorgin Jaien talde feministak protokolo bat prestatu du aurtengo Sorgin Jaietarako. Gauero bi pertsona arduratuko dira horretaz, eta telefono bat ere jarri dute herritarren eskura: 622 572 208. Puntu morea jarriko dute txozna gunean, eta zapi moreak jantziko dituzte babes-gunea dela adierazteko. Zapia jantzi nahi duten emakumeek ez dute derrigorrez talde feministako kide izan behar; herrikoak diren guztiek daukate parte hartzeko aukera.