"Ez da kasu isolatu bat izan"

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ekainaren 14a

Ehunka herritar elkartu dira Okendo plazan gaur arratsaldean.

Lasarte-Oriako mugimendu feministak deituta, ehunka herritar elkartu dira Okendo plazan, Lasarte-Oriako erdigunean berriki gertatutako eraso matxista gaitzesteko. "Ez da kasu isolatu bat, logika oso konkretu baten baitan kokatzen dena baizik"

Atzo goizaldean, Euskotren inguruan, goizeko seietan, gizonezko gazte batek ezustean harrapatu zuen emakume bat, eta eraso egin zion. Horren aurrean, elkarretaratzera deitu du Lasarte-Oriako mugimendu feministak. Ehunka herritarrek erantzun diote deiari, eta Okendo plaza bete dute. "Jazarpenak eta gisa honetako erasoak jasaten ditugu emakumeok egunero; ez da gauetako edo jai giroko kontua soilik. Sistema heteropatriarkalak egunero esaten digu gu garela zaurgarriak, gu garela errudunak", salatu dute mugimenduko kideek.

Adierazi dute ez daukatela asmorik eraso matxisten aurrean isilik eta burumakur geratzeko. "Zapalduta nahi gaituzte baina tinko erantzungo dugu". Baliabideak eta gogoak badituzte erantzuteko: "Antolatuta gaude, eta kontuz ibiltzeko esaten diegu sistema heteropatriarkalaren morroiei. Aurrean izango gaituzue!".

Mugimendu feministako kideek manifestua irakurri aurretik, ehunka herritarrek gaitzetsi dute osteguneko eraso matxista, isilpean, ordu erdi inguruz. Zapi more bat eraman dute lepoan: Errespetuz jokatu leloa irakur zitekeen bertan. Afixa bat ere erakutsi dute, Erasorik ez erantzunik gabe. Autodefentsa feminista leloarekin.