Jolasean eta lagun artean euskaraz trebatzen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 14a, 10:40
Haur eta gurasoek kamisetak margotu zituzten, Gurasolandiako azken jardueran.

Gurasolandia ekimeneko parte hartzaileek jarduera bereziekin eman diote amaiera ikasturteari

Ikasturtea amaitzear da, eta horrekin batera, Gurasolandia ekimenak ere agur esan dio urteari. Modu berezian izan da, gainera.

Lehengo astean, HH2 mailako haurrek ederki gozatu zuten Saltogelan. Horma bota eta batetik bestera korrika, saltoka eta jolasean ibili ziren.
Eta 3 urteko haurrek Diafreo saioa izan zuten. Haien sentimenduak kudeatzeko ariketak egiten ikasi zuten.

Aste honetan, berriz, HH4koen txanda izan da. Atzo eta gaur, ostirala, Gau Gau estudioan izango dira. Bakoitzak bere kamiseta serigrafiatu ahalko du.Hurrengo ostiralean, ekainaren 21ean, bestalde, HH5eko lagunek Ekogunera txangoa egingo dute.

Azarotik ekainera bitartean, HH2 eta HH5 haur eta gurasoak bildu dira hilean behin, euskaraz jolastu eta solasteko. Maila bakoitzak gai bat landu du. 2 urteko taldeak sentimenduak aztertu ditu ipuin, kanta eta masajeen bitartez; HH3 mailakoek natura; 4 urtekoak sorkuntzan buru belarri murgildu dira; eta HH5ekoak gorputz eta adierazpen artistikoetan trebatu dira.