Mendibe eta Illarramendi, txapeldunak Zarautzen

Adrian Garcia 2019ko eka. 14a, 10:20
Maria Mendibe, ahalegin betean. Arg.: Garikoitz Barrio

Itsaso zakarrak baldintzatu du proba, lasterketa gogortu duelako. Ramon Altuna eta Mikel Camachok ere txukun bukatu dute Euskal Herriko triatloi jendetsuena. Parte hartzaileak bat datoz: errepide bazterretan pilatutako zaleek egiten dute berezia

Lasterketa oso berezia da. 1987an antolatu zuten lehenengo aldiz Zarauzko triatloia, eta ordutik etenik gabe bildu ditu inguruko kirolaririk onenak. Dortsalak denbora gutxian agortzen dira, eta herriko kaleak eta errepideak zalez betetzen. Maria Mendibe eta Andoni Illarramendi herritarrek ongi ezagutzen dute proba. Ibilbide gogorra izaki, dezente sufritutakoak dira bertan; baina une gozoak ere bizi izan dituzte. Joan den asteburuan, esaterako; biek Gipuzkoako txapela jantzi dute beteranoen kategorian. Biek entrenatzen dute Buruntzaldea IKT taldean. Ramon Altunak eta Mikel Camachok ere txukun bukatu dute lasterketa.

Distantzia ertaineko triatloia da Zarauzkoa. 2,9 kilometro egin behar dituzte igerian, Getariatik Zarauzko hondartzara. Itsasoan egiteak proba erakargarria egiten du, baina baditu beste zailtasunak: korronteek, mareek, olatuek eta beste elementuek zaildu egin dezakete kirolarien jarduna.
79 kilometroko bizikletako zatia ere ez da nolanahikoa. Bitan igo behar dute Meagaseko portua. Halere, gogorragoak dira Aiako horma eta azken kilometroetako Txurrukako igoera.

Bukatzeko, 21 kilometro lasterka egin behar dute, hiru bira emanda Zarautz herriguneko zirkuito bati.

"Ibilbidea oso gogorra da, eta horrek egiten du erakargarria". Zazpigarren aldia du Mendibek Zarauzko triatloian; onartu du "lasterketa berezia" dela. "Ikusleen animoek egiten dute proba bakarra".

Gipuzkoako txapelketa ere jokatu dute asteburuan, eta, 05:14:04 denborarekin, beteranoen kategorian txapela lortu du herritarrak. Baina horrez gain, sailkapen orokorrean ere hirugarren tokian geratu da.

"Igeri eta bizikletan ondo bukatu dut, korrika ez hainbeste, ez dudalako horrenbeste entrenatu". Izan ere, Mendibek iaz ezin izan zuen parte hartu, min hartuta zegoelako. Nahiz eta marka ona egin, aitortu du, "maila onenetik urrun" dagoela, urtebete lehiatu gabe egon delako.

Baldintzak ere ez dira hoberenak izan. Itsasoa zakar zegoen, eta ohi baino energia gehiago gastatu dute triatletek Zarauzko hondartzaraino iristen. "Bizikletan hankak gogortu egiten zaizkizu. Txurrukako aldapa oso gogorra da. Korrikako zatira justu iristen zara".

Denboraldia amaitzeko bi proba geratzen zaizkio Mendiberi. Larunbatean Lekeition lehiatuko du, esprint modalitatean. "Arnas luzekoa naiz ni, hobeto moldatzen naiz lasterketa luzeetan". Atseden hartu aurretik, Donostiako Onditzen arituko da.

Urak baldintzatuta

Illarramendirentzako lasterketa "arraroa" izan da. 4:28:57 denborarekin bukatu du, baina azaldu du igeriketako zatiak eragina izan duela proba osoan. "Oso mugituta zegoen itsasoa, ur asko tragatu dugu, eta gero asko tripekin gaizki ibili gara". Edonola ere, Gipuzkoako txapelketaz gainera, beteranoetan laugarren postuan sailkatu da.

Itsaso kaskarrak gero izan ditu ondorioak beste bi zatietan. Proba luzea da distantzia erdiko triatloia, eta, hortaz, komenigarria da ondo elikatzea eta hidratatzea lasterketa osoan. Baina urdaileko arazoak lasterkariak makaldu ditu. "Asko botaka ibili dira".

Urte mordoa daramatza triatloilariak Zarautzen parte hartzen. "Berezia da jendearengatik. Herritarren eta kanpotik datozenen animoek egiten dute lasterketa gogoangarria. Antolakuntza hobeak dutenak badira, baina giro aldetik ez".

Pozik geratu da lllarramendi lasterketarekin, batez ere kontuan hartuta denboraldiko helburua orain hiru aste bete zuela. Bartzelonako distantzia erdiko triatloian Ironman 70.3 munduko txapelketarako sailkatzea lortu zuen. Nizan jokatuko da aurten, Frantzian, irailaren 7an.

Illarramendik ere Onditzeko triatloia egingo du, atseden hartu eta uda aldean munduko txapelketa prestatzeko. Ibilbide gogorra du, Zarauzkoa baino are gorabeheratsuagoa. "1.000 metroko desnibela baino gehiago du bizikletako tarteak".