Alzheimerrak aurrera egin zuenean, film kuttunena behin eta berriro ikusi omen zuen Antonio Mercerok, lehen aldia bailitzan. Haren lanarekin gauza bera egin nahi dutenek, Antonio Mercero museo birtualean egiteko aukera dute aurrerantzean –www.antoniomercero.eus–. Bertan eskuragarri jarri dute 2018an hildako zinemagilearen obrari buruzko material eskerga.
Duela hamarkada bat egin zituen lehen urratsak Lasarte-Oriako Udalaren proiektuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundua. Urteotan aldatzen eta uneko aukeretara egokitzen joan dira, edukiak batzen eta digitalizatzen. Jesus Zaballos jarduneko alkateak eta Denis Itxaso jarduneko Kultur diputatuak parte hartu zuten atzo atariaren aurkezpenean, zuzendariaren izenarekin bataiatutako gunean.
Herriko Iametza enpresak garatu du webgunea. Edukiak hiru atal nagusitan banatu dituzte: bizitza, lanak eta sariak. Ekoizpenak kronologikoki edo alorka kontsulta daitezke. Pieza bakoitzari lotutako elementuak daude: artikuluak, kartelak, argazkiak... Lau hizkuntzatan bisita daiteke, eta Mercero euskalduna ez bazen ere, lehenetsitako hizkuntza euskara da, nazioartean duen sona hizkuntzaren mesedetan jarri nahi izan baitute.
Santa Anako paradoriaren babesle
Lasarteoriatarraren beraren eta bere obraren garrantziari buruz mintzatu zen Zaballos. Zinema alorrean lortutako Goya edo Emmy sariez gain, gogora ekarri zituen ere herrian bertan egindakoak: Frankismo garaian Santa Anako parodia gordetzeko egindako lana edo Baserri galdu dokumentala. Halaber, ekitaldian egon ezin izan zuen Merceroren senideei euren "konpromisoa eta eskuzabaltasuna" aitortu zizkien.
"Amets zahar hau" gauzatu izanagatik pozik, Itxaso diputatuak gogora ekarri zuen zinemagileak lurraldeko ondare immaterialean duen garrantzia. "Herrikoitu egin zuen generoa, zinema gertuko eta zuzenarekin, baina aldi berean, sakona, ausarta eta inplikazioa soziala zuena". Merceroren obra balioesteko sortutako gunea irisgarriago egiteko Aldundiaren Kultura ataleko webgunean ere jarri nahi du Itxasok plataformara sarbidea.
Ekitaldia amaitzeko, alargunaren eta seme-alaben izenean eskertza hitz batzuk irakurri zituen Zaballosek.