- Berarekin haserre zaude?

- Ez, burla egiten diot gizena delako.

Duela egun batzuk, elkarrizketa hau entzun nuen hamar urte inguruko bi neskatxen ahotik. Momentuan kontrako eztarritik joan zitzaizkidan hitzak buruan darabilzkit geroztik. Batez ere, esateko moduak eman zidan zer pentsatua; haur horrek naturaltasun osoz kontatzen zuen beste pertsona bat jazartzen zuela bere itxura fisikoarengatik eta ez zuen ekintza larritzat jotzen, halako erasoak naturalizatu ditugun seinale.

Besteen gorputzekin sartzeko zilegitasuna dugula ikasi dugu, gorputz ez normatiboak gaitzesten, albokoak zapaltzen haiek gu zapaldu ez gaitzaten. Eta hala sortzen dira gugan ixten hain zailak diren azalpeko zauriak, hala sortzen dira elikadura nahasmenduak eta norberaren gorputzarekiko gorrotoa.

Hau irakurtzean egungo sistemaren ondorio dela etorriko zaizue burura zuetako askori, eta berez, arrazoirik ez zaizue falta. Esango duzue hezkuntza sistemak ere baduela eragina eta komunikabideek eredu toxikoak eskaintzen dizkigutela. Erraza da errua gure eskumenetik at dagoenari botatzea, baina uste dut zerbait gaizki egiten gabiltzala helduok ere. Zein zentzu dauka gure kargu dugun haurrari besteen gorputzak epaitu behar ez direla esateak, ondoren, bizilagunak izandako pisu galeraren inguruko iruzkin bat egiten badugu?

Eredu garen heinean geure hitzak eta jarrerak neurtu behar genituzke, ez baita nahikoa haurrei horrelakoak onargarriak ez dira adieraztea, gugandik jasotzen dutena guztiz kontrakoa bada. Komeniko litzaiguke, beraz, tartetxo bat hartzea norberaren kontraesanen inguruan lanketa bat egiteko. Baliteke errua sistemarena izatea, ados. Baina hasi behar dugu errua eta ardura bereizten. Errua sistemarena da, bai; aldatzeko ardura, ordea, gurea.