Elebeltzek berritu du itxura, baina barruan daraman esentziak berbera izaten jarraitzen du: sorkuntza eta eztabaida askerako gune autogestionatu bat izatea, belaunaldi desberdinetako jendea bertan elkartzeko eta ideia eta proiektuak garatzeko. Lasarte-Oriako gazte talde bat arduratu da azken hilabeteetan gunea erreformatzeaz. Lanak bukatuta, pasa den asteko ostiralean ospatu zuten berrirekiera festa.
Jaume Rouresek zuzendutako Las cloacas del interior dokumentala proiektatu zuten arratsaldean. Ondoren, gunearen historia ezagutarazi zuten, hasierako urteetan Elebeltz dinamizatzen aritu ziren zenbait herritarren eskutik; 2012ko abenduan okupatu zuten hutsik zegoen biltegi bat. Maialen Aristegi kantautoreak emanaldia eskaini zuen hitzaldia bukatu eta segituan.
Gauean jarraitu zuen festak. Skakeo herriko taldeak ireki zuen kontzertu sorta. Txorroskilo punk-rock talde donostiarrak zuzeneko indartsua daukala erakutsi zuen gero. DJak oholtzara irten aurretik, Zestoatik etorritako Rodeo rock taldeak eskaini zuen kontzertua. Jende ugari gerturatu zen musika emanaldiez gozatzera. Tabernan zebiltzan gazteek gogotik egin zuten lan gau osoan.
Elebeltzen sorrera ezagutzen
Joseba Izagirre eta Igor Arias herritarrek oso gertutik bizi izan zuten Elebeltzen sorrera. Krisi ekonomikoaren ostean, Kale Nagusian dauden hainbat fabrika hutsik geratu ziren. Horietako lokal batean sartu ziren hainbat gazte, eta sorkuntza eta eztabaida askerako gune bat sortu zuten. "Gaztetxe hitza ez erabiltzea erabaki zuen asanbladak, ez genuelako inor kanpoan utzi nahi", nabarmendu zuen Ariasek.
Hilabeteak pasa zituzten lanean, lokala egokitzen eta txukuntzen. "Asmoa geneukan sukalde bat jartzeko, ikastaroak-eta emateko han, baina azkenean ez zen posible izan", gogoratu zuen Izagirrek. Kontzertuak, hitzaldiak, jardunaldiak... ekintza ugari antolatu zituzten gunea autogestionatu ahal izateko eta hobekuntzak egiteko.
Belaunaldi berriek hartu dute lekukoa orain. Ateak ireki ditu berriro Elebeltz Topaguneak.