Hilabeteak daramatza Lasarte-Oriako pentsiodun eta jubilatuen koordinadorak astelehenero elkarretaratzea egiten udaletxe aurrean. Datorrena, hilaren 17koa, ez da salbuespena izango; egun horretarako, ordea, zerbait berezia prestatu dute urtearen lehen erdia ixteko. Hain zuzen ere, plataformako zenbait kidek eta bestelako boluntarioek kantuan aldarrikatuko dituzte euren eskubideak, baita haiek lortu arte ez dutela etsiko ere.
Bestalde, larunbatean, hilak 22, manifestazio berezi batera deitu dituzte herritarrak. Okendo plazatik irtengo dira 12:00etan, eta oraindik zehaztu gabeko ibilbidea osatuko dute. Arratsaldean, berriz, Txosnetako Jai Batzordeak suziria pizteko egindako gonbita onartuko dute, plataformari eskertza gisa.