Sei domina eta hiru errekor berri Berlinen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 10a, 17:00
Arg.: Buruntzaldea IKT

Nahia Zudaire igerilaria bost finaletan izan zen, 33. IDM - World Para Swim World Series proban. Munduko txapelketa prestatzeko baliagarri izan zaio. Asteburu honetan, Buruntzaldea IKTko igerilariak Lasarte-Orian eta Bartzelonan lehian izango dira

Berlinen izan den 33. IDM - World Para Swim World Series proban lehiatu da Nahia Zudaire Buruntzaldea IKTko igerilaria Espainiako selekzioarekin. Zazpi probatan parte hartu eta dominak eta markak metatu ditu gazteak.

Zudaire ostegunetik igandera probaz proba aritu zen eta lehen egunetik txapelketan buru belarri sartu zen. "Aurreko denboralditik S8 klasea lau urtetarako onartua izanik, aurtengoan ez du tribunalik pasa behar izan eta zuzenean lehiaketan zentratu da hasiera hasieratik," azaldu du Borja Apeztegia entrenatzaileak.

Bikain hasi zen Zudaire, gainera. 200 m. libre probako kanporaketan marka pertsonala eta Espainiako Absolutu mailako errekorra ondu zuen, 2:32,27 eta B finalerako sailkatu zen. Finalean, youth kategorian bigarren postua eta zilarrezko domina eskuratu zituen. Proba honetan ere, S8 klaseko sailkapeneko lehen postuan izan zen nahia eta urrezko domina ere jaso zuen horregatik.

100 m. tximeleta proban, berriz, laugarren postua lortu eta S8 klaseko zilarra kolkoratu zuen.

Ostiralean, dominarik ez zen izan, baina 800 m. libre proban bere marka pertsonala 22 segundotan hobetu eta S8 klaseko Espainiako Absolutu mailako errekor berria ezarri zuen, 11:05,43.

Larunbatean, Buruntzaldea IKTko igerilariak 50 m. libre proban bere markatik oso hurbil aritu, 33,76 eta S8 sailkapenean 2. postua eta zilarra eskuratu zituen. 400 m. libre proba ere lehiatu zuen eta honetan ere, bere marka eta Espainiako Errekorra hobetzea lortu zituen, 5:16,80. S8 klaseko urrea irabazi eta sailkapen orokorreko laugarren izan zen.

Azken egunean, proba bakarra izan zuen Zudairek, lau estiloetako 200 metroak. Gazte finalerako sailkatzea lortu eta S8 klaseko brontzea eskuratu zuen.

Igerilari gazteak esperientzia "bikaina" bizi du Berlinen.Nazioarteko maila altuko txapelketa honekin udako entrenamendu zikloari itxiera eman dio. Orain atseden egun batzuk hartu eta irailean Londresen izango den Munduko Txapelketa prestatzen hasiko da Zudaire.

Bestalde, aste honetan bi hitzordu garrantzitsu dituzte Buruntzaldea IKTko igerilariek. Larunbatean, XXX. Lasarte-Oriako saria jokatuko da Maialen Chourraut kiroldegian. Ainhoa Martin gaztea berriz, XL Trofeo Internacional Ciutat de Barcelona lehiaketako hiru probatan parte hartuko du Euskadiko selekzioarekin.