Batxilergo eta Lanbide Heziketako eskola materiala ere diruz lagunduko du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 10a, 13:15
Udal ordezkariak eta Bagri liburu-dendako Edurne Barrenechea aurkezpenean.

Eskaerak irailaren 2tik urriaren 1era egin daitezke. Uztailaren 1etik irailaren 30era erosten den materiala bakarrik izango da kontuan laguntza emateko

Lasarte-Oriako udalak familiei eskola materiala erosteko dirulaguntza aurkeztu du. Aurten berrikuntza bat dakar, Batxilergo eta Lanbide heziketako Erdi Mailako ikasleen materiala ordaintzeko laguntza eskatu ahal dute haien familiek. Familiaren diru-sarreren arabera, 90, 65 edo 35 eurokoa izango da laguntza.

Ekimen honek bi helburu ditu Jesus Zaballos jarduneko alkateak aurkezpenean azaldu duenez, batetik 40.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familiei eskola materiala erosteko laguntza ematea da eta bestetik, herriko dendetan erosketak sustatzea. Izan ere, "herriko saltokiek emandako tiketak aurkeztu behar dira eskaerarekin batera", azpimarratu du Zaballosekk.

Dirulaguntza eskaerak irailetik aurrera egin ahalko dira. Dirulaguntzan oinarriak udalaren webgunean daude ikusgai.