Hiru eguneko rallya, bi gurpilen gainean gozatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 10a, 18:37
Alcar leiho dendak rallyan oinarritutako erakusleihoa prestatu du. Bertan aurkeztu zuten egitaraua antolatzaileek, joan den ostiral arratsaldean.

Motor hotsak entzungo dira asteburu honetan Lasarte-Orian. Scooter Club Euskadi elkarteak vespa eta lambretta motorren rallya antolatu du, aurten hemeretzigarrenez; bost urte daramatzate segidan herrira etortzen. Ekintzaz beteriko egitaraua aurkeztu dute Ventanas Alcar komertzioan

Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko hamaika tokitatik etorritako vespa eta lambrettek hartuko dituzte herriko errepideak asteburu honetan. Scooter Club Euskadi elkarteak rallya antolatu du aurten ere: hemeretzi edizio egin dituzte orain arte. Lasarte-Oriara bost urte daramatzate etortzen segidan. Ekintzaz betetako egitaraua prestatu dute antolatzaileek astebururako. Motorzaleen festa iristear da. 

Programa eskuetan hartu eta berehala ihes egiten du begiradak kartelera. Esjusa enpresak Montaplex izeneko hainbat jostailu komertzializatu zituen duela zenbait urte: horiek erosten zituztenek muntatu egin behar izaten zituzten, piezaz pieza. Scooterrak ere saltzen zituzten. Horri erreferentzia garbia egin diote afixan: Scooter-Plex irakur daiteke bertan. Jostailuak biltzeko diseinatu zituzten zorroen oso antzekoa da. Kamisetak ere atera dituzte, motorra muntatzeko jarraibideekin.

Egitarauaren bizkarrezurra pasa den urtekoen berbera da, baina badago berrikuntzarik. Esate baterako, ostiral gauean herrian zehar egingo duten ibilbidea. 22:30an hasiko dira, eta ordu erdiz zeharkatuko dituzte herriko kaleak. Igande eguerdikoa izango da momentu bitxienetako bat: rallyan parte hartzen duten motorzaleek Atsobakarren bazkalduko dute, Rocioko erromeria ospatzen ariko diren herritarrekin batera. Semblante Andaluzeko kideek prestatutako paella famatua dastatuko dute. Pertsona horietako batzuk Calatayud (Zaragoza) hiritik etorriko dira, aurten lehenengo aldiz.

Asteburua, ekintzaz lepo

Ostiral arratsaldean iritsiko dira motor hotsak Lasarte-Oriara. Arratsaldeko zazpietatik aurrera eman beharko dute izena rallyan parte hartu nahi duten motorzaleek. Aurreko urteetan bezala, Jaizkibel plazan jarriko dute postua antolatzaileek. Irekiera festa gauerdira arte luzatuko da, Buenetxea tabernan. Mega Ramone eta DJ Paddy musikariek girotuko dute gaua.

Vespa eta lambrettak ikusi nahi dituzten lasarteoriatarrek aukera aparta izango dute larunbat goizean, 10:00etatik aurrera, Okendo plazan. Asteburuko lehenengo erakusketa izango da hori. 12:00etarako piztuko dituzte motorrak berriro, 85 kilometroko irteera egiteko. Horren aurretik, Artizar tabernan berrituko dituzte indarrak. Hamaiketakoa egiteko, sagardo freskoa eta pintxoak. Hernaniko Jauregi jatetxean bazkaldu ostean, herrira bueltatuko dira arratsaldean, eta motorrak Zumaburuko Andapa plazan aparkatu. Hori izango da asteburuko bigarren erakusketa. Gauean, aurreko egunekoaren antzeko plana: kontzertuak eta festa giroa Buenetxean. Logroñoko Stupiditos taldea ariko da aurrena, eta Magri SV eta Koko Txanel DJek goizaldera arte luzatuko dute parranda.

Igande eguerdiko bermuta Arkupe tabernan hartuko dute motorzaleek. Semblante Andaluzeko kideekin batera bazkalduko dute Atsobakarren, eta digestioa egin ostean elkarri agur esan eta euren etxeetara bueltatuko dira.

Ostiralera arte ez da hasiko festa, baina motorrak berotzen joateko aukera dute herritarrek egunotan. Alcar leiho dendak, Ormazabal loradendak, Natur Housek eta Artizar tabernak erakusleiho bereziak prestatu dituzte, rallya oinarri hartuta.