Hamabost egun, kurtso oso bat erakusteko

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 10:45
Zubietako haurrek ere parte hartzen dute Kukukan. Irudian, 'Euskal Herriko Ninjak' lana.

Kukuka Antzerki Eta Dantza Taldeak urteroko hamabostaldia hasi du. Oaintxe in Deu txarangarekin ireki dute astea. Sasoetako eta Zubietako Lehen Hezkuntzako gaztetxoek oholtza gainean erakutsi dituzte antzerkian ikasitako abileziak 

Kultur etxeko auditoriumak joan-etorri handia izan du aste honetan; eta hasi besterik ez da egin. Kukuka Antzerki Eta Dantza Taldeak hamabostaldia hasi du; erakusleiho bikaina da ikasturte honetan egin duten lana ikusteko. Talde asko eta asko ditu Kukukak, eta horiek guztiek bi aste hauetan ikuskizunak eskainiko dituzte. Aste honetan Sasoeta ikastetxekoek eta Zubietakoek hartu dute oholtza. Euskal dantzan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurtxoak ere aritu dira entseatutakoa erakusten. 

Edonola ere, kultur etxera gerturatzerik izan ez duenak oraindik izango du aukera horretarako. Helduek dantza eta antzerkia eskainiko dute larunbatean, eta hurrengo astean Landaberri eta Oriarteko ikasleen txanda izango da.

Oaintxe in Deu txarangaren laguntzarekin ireki zuten astea astelehenean. Tronpeta eta danbor doinuekin batera kalejiran joan ziren kultur etxera. Sasoetako LH2 eta LH3ko haurrek hiru ikuskizun eskaini zituzten gero: Superheroi eroak!, Non dago Simba? eta Zirkus Marabillus, Bol 2.

Goiz eta arratsaldez

Egunean bi ekitaldi egin dituzte gaztetxoek. Lehena 10:00etan, ikaskideei eskainia. Bigarrena 19:00etan, guraso eta lagunentzako.

Asteartean Zubietako antzerkigileen txanda izan zen. HH5 mailatik LH6ra bitarteko ikasleek hiru antzezlan aurkeztu zituzten: Euskal Herriko Ninjak, Xomorrolandia eta Denboraren makina.

Baina Kukuka antzerkia bakarrik ez da. Euskal dantza irakasten dute ere elkarteko irakasleek. Asteazken arratsaldean HH5 eta LH3 bitarteko haurrek dantzatu zuten Manuel Lekuonan.

Ostegunean amaitu zuten Sasoetakoek haien emanaldia, LH4 eta LH6 bitarteko taldeekin; Gora edo behera lana plazaratu zuten. Nolanahi ere, antzerki eta festa dantzak hurrengo bi asteburuetan jarraituko du kultur etxea girotzen.

Erlazionatuak