Gutxieneko markak metatzen jarraitzen dute igerilari gazteek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 10:00
Arg.: GIF

Euskadiko Eskolarteko txapelketan eta Gipuzkoako sarian izan dira Buruntzaldea IKTko kirolariak 

Buruntzaldea IKTko igerilari gazteek bi hitzordu garrantzitsu izan zituzten maiatzaren 25ean: Euskadiko XXXVIII. Eskolarteko Txapelketa eta Gipuzkoako Sarien B Zirkuituko bigarren saria. Gehienek markak ondu zituzten, eta Espainiako zein Euskadiko txapelketetarako gutxienekoak ere eskuratu zituzten.

Lehen proban, taldeko hamahiru igerilari izan ziren Gipuzkoako Selekzioarekin lehian. Markak hobetu zituzten.

Azpimarragarriak dira June Lopezek Euskal Herriko Txapelketarako gutxieneko berria eta Jon Pelayok 200 m. tximeleta proban ezarritako taldeko marka berria. Lopezek 200 m. bizkar proban lortu zuen marka, eta oraingoz bi probatan lehiatuko da Euskal Herriko txapeleketan; 100 m. eta 200 m. bizkar probetan.

Horrez gain, Zarautzen Gipuzkoako Sarien B Zirkuituko bigarren saria jokatu zuten. Bertan Aimar Sukunza, Unax Goenaga, Inge Etxezarreta eta Garazi Irigoras igerilari gazteak izan ziren.

Txapelketako posturik onena Goenagak egin zuen, 400 m. libre proban. Infantil mailako laugarren eta absolutu mailako bosgarren izan zen. 5:16,10 markari esker, Gipuzkoako Txapelketarako txartela eskuratu du.

Gipuzkoako Txapelketarako gutxienekotik gertu izan zen Etxezarreta ere. 200 m. estilo proban 3:13,17 egin zuen. Estilo libreko 100 metroko marka eta 50 metroko markak ere hobetu zituen. Irigorasek, berriz, 200 metro lau estiloetako marka eta 200 metro bizkar estilokoa ondu zituen.

Zudaire, Berlinen

Bestalde, Nahia Zudaire Berlinen da. Ostegunetik igandera jokatzen ari diren 33. IDM BERLIN 2019. World Para Swim World Series proban lehiatuko da Buruntzaldea IKTko gaztea Espainiako selekzioarekin.

Zudairek sei probatan parte hartuko du: 50 m., 200 m., 400 m. eta 800 m. librean, 100 m. tximeleta proban eta 200 m. lau estiloetan.

Munduko Txapelketa prestatze aldera mugarri garrantzitsua izango da hau Zudairerentzat, Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu duenez.