Ikasturte oparoari merezitako agurra

Adrian Garcia 2019ko eka. 7a, 09:45
Martin eta Gaztelumendi, Bertso Eskolako ikasleei erantzuten.

Bertso Eskolako ikasleek kurtso amaierako ekitaldia egin dute, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin bertsolariekin batera, Ttakunenean. Aurten eskolaz kanpoko zortzi talde osatu dituzte Ane Labaka eta Haritz Mujika irakasleek, 6. mailan, 1. eta 2. DBHn

Behar bezalako amaiera eman dio Bertso Eskolak ikasturte emankorrari: doinu eta errima artean, eta askari eder batekin. Zortzi talde osatu dituzte aurten, Ane Labaka eta Haritz Mujika bertsolarien gidaritzapean, eskola orduz kanpo astean ordubetez bertsotan lehen urratsak egiteko. Joan den asteartean 35 gaztetxo baino gehiago bildu ziren Ttakunenean; indarrak berritu ondoren, bi gonbidatu berezirekin izan ziren bertsotan: Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin.

Bertso Eskolan ongi prestatu dute ekitaldia. Izan ere, ikasleek beraiek eman diete ongietorria bi gonbidatuei. Haien erantzunean ere iragarri da nolakoa izango zen hartu-emana. Gaztetxoak ez dira bertsolarien entzule soilak izan, modu askotan parte hartu baitute saioan.

Taldeka Martin eta Gaztelumendi agurtu ostean, gai jartzaile lanak egin dituzte. Barre egin dute bertsolarien ateraldiekin, horretara bideratutako gaiak baitziren asko; barruko arropa beheko pisura erori zaion bizilagunarena, esaterako. Matxismoa ere jorratu dute: autoa erosi nahi baina saltzaileak kasu egiten ez dion emakumearena egin du Martinek, Gaztelumendiren laguntzarekin.

Hitz jokoan

Bertso asmakizunekin ere ibili dira jolasean. Ikasleek hitz bat proposatu diote bertsolari bakoitzari, besteak ikusi gabe; koplen bidez asmatu behar izan dute kideari egokitutakoa. Gutxiago kostatu zaio Martini klima aldaketa asmatzea, ipurdia hitzaren inguruan Gaztelumendik erraztasun asko izan arren.

Edonola ere, gaztetxoek gozatu egin dute bi puntako bertsolariekin. Haiekin ere izan dute konplizitate apur bat, nor da nor? jokoan. Koplen bidez deskribatu dituzte ikasleetako batzuk.

5. eta 6. mailan badute gaztetxoek bertsolaritzan hastapenak egiteko aukera, eskola orduen barruan. Gero nahi duenak sakontzeko aukera du Bertso Eskolaren bidez, eskolaz kanpo. Aurten 6. mailan lehen aldiz taldea atera dute. Guztira zortzi talde eta 35 ikasle baino gehiago izan dituzte ikasturte honetan. Hurrengoan ere harrobia sortzen jarraitu nahi dute.