Lasarte-Oriako auto zirkuituaren arima berpizten

Beñat Lizaso Garcia 2019ko eka. 2a, 17:45
Herritar asko hurbildu ziren autoak ikustera

San Sebastian Circuit Spirit ekimenak hirugarren edizioa bete zuen larunbatean. Irteera eta helmuga Donostian izan ziren arren, Lasarte-Oriako zirkuitua izan zenaren zuzengune nagusian geldialdia egin zuten parte-hartzaileek. 

Goizeko 10:30ean irten ziren autoak Donostiatik eta Gipuzkoa zein Lapurdiko hainbat herri zeharkatu zituzten. Lapurdiko herri batzuk bisitatu ostean lehen geldialdia Hondarribian egin zuten. Bazkaldu ondoren Jaizkibelera igo eta ibilbideak Gipuzkoako herrietan barna jarraitu zuen. 

Lasarte-Oriara arratsaldeko 17:45ak aldera iritsi ziren autoak. Bertan herritarren gozamenerako ikusgai egon ziren ibilgailu guztiak. Ferrari, Alfa Romeo, Triumph, Rolls Royce, Porsche, Mercedes... marka esanguratsuetako auto klasikoak nagusitu ziren arren, gama altuko kotxe berriagoak ikusteko aukera ere izan zen. 

Ikusmira handia sortu zuen ekitaldiak herrian. Lasarteoriatar asko hurbildu ziren Oriako zuzengunera orain dela 90 urte bertatik abiadura bizian pasatzen ziren ibilgailuak ikustera.