Gorputza mugitzea eta izerdia botatzea dira ajea kentzeko bi erremedio on. Hainbat modu daude izerditzen hasteko: dantza edo kirola egitea, esate baterako. Bi diziplina horiek izan dira gaur goizeko protagonista nagusietako bi. Kukuka eskolako gazteek erakutsi dute prest daudela bihar hasiko den antzerki eta dantza hamabostaldirako: emanaldi ederrak eskaini dituzte, guraso eta lagunak adurra zeriela utziz. Bukatzeko, kalejira egin dute denek elkarrekin.
Ondoren, infantil kategoriako pilotariak aritu dira duela hilabete gutxi inauguratutako pilotalekuan. Gorri koloredun gerrikoekin, Haritza Diaz de Gereñu eta Unai Arozena. Urdinez, berriz, Oier Tokero eta Peru Urdanpilleta. Bestela esanda, Lasarte-Oriako pilotariak Zabaleta auzokoen aurka. Tokero eta Urdanpilleta bikain hasi dira, eta 6-12 aurreratu markagailuan. Orduan erreakzionatu dute gorriek, eta, 7-0eko partziala sartuta, aurrea hartu dute. Pozak ez die luzaroan iraun, ordea: sakea berreskuratu eta ihes egin dute markagailuan urdinek, partida poltsikoratu arte. Azkenean, 15-18 zabaletarren alde.
Frontoi alboko gunean jokatu da proba mixta aurten. Tradizio askoko kirol ekitaldia da, ikusmin ikaragarria sortzen duena. Lepo zeuden harmailak. Hori, berde, urdin eta laranja koloreko taldeak aritu dira nor baino nor gehiago. Egin beharreko lanak, hauek: trontzan bi ebakidura, bi txinga hartuta hiru itzuli, hamar lokotx jaso eta guneari korrika bost itzuli eman. Hori guztia, hiru aldiz. Talde horiak irabazi du proba, ozta-ozta: 13 minutu eta 26 segundo behar izan ditu lanak egiteko. Bi segundo beranduago bukatu du talde laranjak. Talde berdea izan da hirugarren eta urdina laugarren. 13:45 eta 13:49ko denborak egin dituzte, hurrenez hurren.
Rober Sanchezi omenaldia
Eguerdiko kirol proben ostean etorri da eguneko momentu hunkigarrienetako bat. Omenaldi xume baina goxoa jaso du Rober Sanchez auzotarrak, zapi more eta guzti. Sanchezek ezker hanka galdu zuen pasa den urteko martxoaren 22an, Huescan, elur erauntsi batek harrapatuta. Espeleologia egiten ari zen han. Junkal Perez eta Haritz Iparragirrek lore sorta eta besarkada bana eman diote Sanchezi, eta bertso batzuk abestu ditu Zigor Iriondok. Nekatu arte egin dute txalo auzotarrek.
Bazkalostean, beste omenaldi bat. Iraia Iparragirre Realeko futbol jokalaria auzokoa da, eta merezitako aitortza jaso du gaur, ezustean. Berrehun bat jatun elkartu dira mahaiaren bueltan. Arratsaldean emanaldia eskaini du Xumela Koruak, eta trakarekin bukatu da festa. Igo da mendi aldera Teresa ere. Datorren urtera arte, Teresa!