Kinin Calvo garaile Squash txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko eka. 2a, 17:20
Aurtengo squash txapelketako sarituak.

Gogorra eta ikusgarria izan da herriko squash txapelketa sozialeko finala. Kinin Calvo eta Iker Cañedo aritu dira Maialen Chourraut kiroldegian, nor baino nor gehiago. Calvo nagusitu da azkenean, bosgarren set erabakigarria poltsikoratuz: 7-15. Xabier Amianok irabazi du kontsolazio fasea

Kinin Calvok jantzi du irabazle txapela aurtengo squash txapelketa sozialean. Palmares zabala du herritarrak: hirugarren aldiz nagusitu da. Duela bost urte irabazi zuen bigarren txapelketa, eta duela zazpi aurrenekoa. Final gogor eta ikusgarria jokatu du Iker Cañedoren aurka. Bosgarren setean erabaki da dena: 15-9, 14-17, 12-15, 15-10 eta 7-15. 

Kontsolazio fasea Xabier Amianok irabazi du, Raul Mateosi hiru setetan irabazita. Emaitza 12-15, 6-15 eta 8-15ekoa izan da. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko norgehiagoka ez zen jokatu.

Jesus Zaballos jarduneko alkateak eta Txus Alonso kirol zinegotziak banatu zituzten sariak. Kopez gain, txapelketaren babesle Valenciso upategiak emandako ardo botilak eraman zituzten etxera parte-hartzaileek.

Hamarkada honetako palmaresa

Bukatzear den hamarkadan hainbat jokalarik irabazi dute herriko squash txapelketa soziala. Aurtengoarekin 31 edizio jokatu dira.

  • 2010: Agustin Erkizia
  • 2011: Alberto Udabe
  • 2012: Kinin Calvo
  • 2013: Iñaki Garcia
  • 2014: Kinin Calvo
  • 2015: Iñaki Garcia
  • 2016: Iker Cañedo
  • 2017: Iñaki Garcia
  • 2018: Xabi Azaldegi
  • 2019: Kinin Calvo