Aritz Garinek eta Pili Bodegasek irabazi dute VI. Sorgin Krosa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko eka. 1a, 13:00
Ia 70 korrikalarik parte hartu dute aurtengo Sorgin Krosean.

Eguzkiak gogor jo arren, ia 70 lasterkarik parte hartu dute Sorgin Krosaren seigarren edizioan. Antolatzaileek prestatutako ibilbidea hiru bider zeharkatu dute helmugara iritsi aurretik. Aritz Garin villabonatarra eta Pili Bodegas lasarteoriatarra izan dira azkarrenak

Lasai-lasai zegoen Zabaletako frontoia gaur goizean. Gezurra zirudien, ordu batzuk lehenago parranda ederra zegoen eta. Gaupaseroak etxera joan bitartean esnatu dira VI. Sorgin Krosean parte hartu duten korrikalariak. Denera, 64. Antolatzaileek prestatutako ibilbidea hiru bider zeharkatu behar izan dute helmugaratu aurretik. Bi kategorietan ez da lehia gehiegirik egon, eta irabazleak garbi nagusitu dira: Aritz Garin (Villabona) eta Pili Bodegas (Lasarte-Oria).

Garinek 18:43ko denbora egin du, bigarren sailkatuak baino minutu bat gutxiago ia. 19:36an geratu du kronometroa Iñigo Exposito oriotarrak, eta 20:06an Aritz Mugika andoaindarrak. Sorgin Krosa gogorra ez dela uste dutenek ikusi behar zuten lehenengo hiruen talde argazkia: komeriak zituzten kamera aurrean itxura ona emateko. Oso nekatuta zeuden, logikoki.

Emakumeen kategorian aise irabazi du Pili Bodegas triatleta zailduak. 23 minutu eta 19 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Anabel Eleno sailkatu da bigarren, eta Maite Salazar hirugarren.

Erlazionatuak

VI. Sorgin Krosa

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 eka 01 Kirola